EAJren GBBk "leialtasun eza" leporatu dio EAri

Uztarria.com 2007ko eka. 17a, 22:06

Egibarren ustez, Azpeitiko Alkatetza ez lortzea "erasoa" izan da; EArekin zerrendarik bozkatuena errespetatzeko akordioa zutela esan du

Eizmendik dio "ustekabe handia" izan dela Azpeitikoa

EAJ haserre dago EArekin jeltzaleek Azpeitiko Alkatetza ez lortzeagatik, eta Joseba Egibar EAJren Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) presidenteak "leialtasun eza" leporatu dio. Hark esan du EArekiko zuten konfiantza “galdu” egin dutela, EAk Azpeitian —eta Gipuzkoan Zumaian— ez duelako zerrendarik bozkatuena errespetatu alkatea hautatzean: EAJ. EAk, EB-Aralarrekin batera, EAE-ANVren alde egin du Azpeitian, eta "Iñaki Errazkin da alkate":http://www.uztarria.com/albistiek/1181992067 berria, ez Julian Eizmendi EAJkoa. “Erasotzat” hartu du Egibarrek gertatu dena.

Eizmendirekin eta Maria Eugenia Arrizabalagarekin (Zumaiako zerrendaburua) batera eman du gaur (igandea) prentsaurrekoa Egibarrek, eta, haren ustez, EAren eta EAE-ANVren artean “azpijokoa” egon da EAJ Alkatetza horietan ez jartzeko. “Guretzat hitza betetzea sakratua da eta hori hautsi duenak jakingo du zergatik egin duen”. GBBren buruaren iritziz, EAE-ANVk “EAJrekiko daukan kontrakotasun edo gorrotoagatik” eman du pausoa besteekin bat egiteko, “baina jarrera horrek ibilbide motza du”.

Eizmendi EAJren Azpeitiko zinegotziak aitortu du EArekin herrian aurreko legealdian ez zituztela harreman onak izan, nahiz eta batera gobernatu zuten, baina berriro elkarrekin aritzeko negoziatu zutela. “Ustekabe handia izan da, ez zelako ezbaian jartzen, hauteskundeetan lortu genituen emaitzengatik, Alkatetza guretzat ez izatea”.

Egoera “konpontzeko” ardura EAJrena ez dela iritzi dio Egibarrek, “beste alderdiena baizik”, EAri eta EBri mezua botaz. EAJk esan du EArekin eta EBrekin tokian-tokian zerrendarik bozkatuena babesteko akordioa zeukatela, eta hori ez betetzea “oso larria” izan dela.

Iñaki Galdos Gipuzkoako EAren presidenteak Azpeitiko EAri eskatu dio EAE-ANVri Alkatetza kentzeko eta EAJri emateko zentsura mozioa aurkezteko.

Rafa Larreina EAren zuzendaritzako kideak, ordea, uste du akordioa orokorrean ez dela urratu eta “kasu bereziak” izan direla horiek.

EBk, berriz, “herrietako errealitateak ezberdinak” direla iritzi dio, eta horregatik gertatzen direla horrelako kontuak.