Iñaki Errazkin, alkate

Uztarria.eus 2007ko eka. 16a, 15:06
Julian Eizmendi alkate ohia (zutik, eskubian), Iñaki Errazkin alkate berriari bostekoa ematen, gaur, udaletxean, bozketaren ondoren.

EAE-ANVren zerrendaburuak EAren eta EB-Aralarren botoak ere jaso ditu (9 denera) eta alkate izendatu dute; EizmendiK (EAJ) 8 boto jaso ditu

Alkate berriak esan du "herriak aldaketa" nahi izan duela, eta "elkarlanerako ateak denentzat irekita" daudela

Frankismoaz geroztik, EAJkoa ez den alkatea izango da lehendabizi Azpeitian

Ustekabea izan da gaur (larunbata) Azpeitiko udaletxean: Iñaki Errazkin EAE-ANVren zerrendaburua izendatu dute alkate. Alderdi horrek 6 zinegotzi lortu zituen maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan, eta gaur beste hiru boto jaso ditu: EAko bienak (Manuel Unanue eta Mikel Ibarzabalena) eta EB-Aralarrekoarena (Juan Karlos Arellanorena). Bederatzi denera. EAE-ANVko ordezkariak, Errazkin ez ezik, Leire Lazkano, Xanet Esnaola, Arantxa Isart, Haizkurgi Uzin eta Leire Ibarguren dira.

Julian Eizmendi EAJren alkategaiak bere alderdiko zortzi botoak jaso ditu (berea ez ezik, Ana Mendizabal, Jose Urbistondo, Jabier Altuna, Nerea Aldai, Iñaki Etxezarreta, Julian Kortajarena eta Onintza Etxeberriarena). Azkeneko lau urtean Eizmendi izan da alkate (2003ko azarotik EAJ eta EAren Udalbiltzako lehendakari ere bada).

Frankismoaz geroztik izan diren udal hauteskundeetan, Azpeitian beti EAJkoa izan da alkate: Luziano Lazkano (1979-1983), Imanol Elias (1983-1985), Jose Mari Bastida (1985-2003) eta Eizmendi bera (2003-2007).

Errazkinek (Azpeitia) 31 urte ditu (1975), eta langilea da. 2003an Habea ezker abertzaleko hautesle elkartetik aurkeztu zen, eta hautetsi postua lortu zuen, Espainiako auzitegiek Habea baliogabe utzi zuten arren. Musika du zaletasun gisa.

Bozketako unea

Eguerdiko hamabiak pasatxo zirela hasi dute udaletxeko aretoan batzarra alkatea izendatzeko. Zinegotziek kargua hartu dute lehendabizi; EAJ, EA eta EB-Aralarreko ordezkariek "legezko inposaketagatik (Espainiako) Konstituzioa Estatuko funtsezko arau bezala" onartu dute, eta EAE-ANVkoek, berriz, "legeak hala agintzen" duelako".

Ondoren hasi da bozketa. 17 zinegotzietako bakoitzak bere botoa sobre itxi batean sartu du. Aldai eta Urbistondo izan dira mahai-buru, denen artetik gazteena eta zaharrena direla-eta. Emaitza: Errazkinek 9 boto, Eizmendik 8. Beraz, Errazkin EAE-ANVren kidea Azpeitiko alkate 2007-2011 legealdirako.

Txalo zaparrada izan da orduan aretoan, EAE-ANVren jarraitzaile ugari zegoelako. Eizmendi bera Errazkinengana joan da, bostekoa ematera.

Errazkinen lehen hitzak

Errazkin alkate berriak adierazpen laburra egin du orduan. "Azpeitia berria" nahi dutela esan du, hala esan zutela hauteskundeetan. "Herriak aldaketa gauzatzea nahi izan du". Euren politika "gardentasunean eta parte-hartzean" oinarrituko dutela adierazi du, eta "herria denen artean eraiki" behar dela. "Elkarlanerako ateak denentzat daude irekita".

Gatazka politikoaz ere mintzatu da alkate berria. "Sufrimendu denak, den-denak, gainditzeko akordioa" lortzeko ahalegina egin behar dela adierazi du.

Anjel Otaegi, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiar militante erailak, eta azpeitiar preso eta iheslariak "gogoan" izan ditu. Bide batez, azkeneko lau urtean berekin Habeatik zinegotzi izan direnak ere aipatu ditu, eskerrak emanez (Miren Odriozola, Aitzol Iparragirre eta Dorleta Odriozola). "Gora Euskal Herria askatuta!" oihu eginez bukatu du hitzaldi laburra.

Eizmendik, Unanuek eta Arellanok esan dute hurrengo astean egingo dutela balorazioa.

Plazan elkarretaratzea aurretik

Udalbatzarra hasi aurretik, 50 bat lagunek elkarretaratzea egin dute plazan, Instituzio eta prozesu demokratikoen alde lelopean.

Oharra. Ikusi batzarreko argazki bilduma