Munoaundiko indusketa arkeologikorako boluntario bila

Uztarria.eus 2007ko eka. 15a, 14:06
Azpeitia eta Azkoitia arteko mugan dago Munoaundi, Burdin Aroko herrixka harresitua.

Burdin Aroko herrixka harresitua izan zen Munoandi

Azpeitia eta Azkoitia artean dago, Loiola atzean

.1995. urtean aurkitu zuten G. Alijostes, A. Olano eta S. San Jose ikerlariek Munoandiko aztarnategia. Burdin Aroko herrixka harresitu bat da Munoandi eta Azpeitia eta Azkoitia herrien arteko mugan dago, Loiola atzean. Orain, babestutako lur eremua da eta Aranzadi Zientzia Elkarteak indusketa arkeologikoa egin nahi du bertan. Horretarako boluntarioen bila dabiltza.

Uztailaren 2an hasi eta 28ra bitarte iraungo du indusketak. Helburu nagusia aztarnategiaren ezaugarriak ezagutzea da, eta horrekin batera, lur azpian dauden aztarnen banaketa zehatza egitea. Lan horren bidez, herriaren egitura nagusiak identifikatuko dira eta duela 2000 urte inguru herrixka honetan zegoen bizimodua berreraikiko da; hala nola, bizitokiak, babes-egiturak, herrixkaren jarduera ekonomikoen aztarnak, gune produktiboa eta hilerriaren inguruko azterketa egingo da.

Aranzadiko kideen gidaritzapean, 20 ikasle inguruko lan taldea arituko da indusketa lanetan. Boluntarioek bete beharreko baldintza bakarra 18 urte beteak izatea da. Zientzia elkarteak jakitera eman du, ostatu, otordu eta aseguruak indusketaren proiektuaren kontura egingo direla. Interesatuek honako helbidean eman ahalko dute izena: burdina@aranzadi-zientziak.org

Proiektua Aranzadiko Historiaurreko Sailak jarri du martxan eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Azkoitia eta Azpeitiko Udalek eta Iraurgi Lantzenek diruz lagunduko dute egitasmoa.