Esklabetako organo berriak estreinako doinuak joko ditu

Uztarria.eus 2007ko eka. 14a, 14:06
Organo berriak girotuko ditu aurrerantzean Esklabetako elizkizunak.

Igandean, 11etako mezetan, estreinatuko dute instrumentua

Azpeitiko Jose Antonio Azpiazu organeroak eta bere anaiak muntatu eta egokitu dute

Azpeitiko Esklabak elizak organo berria estreinatuko du asteburuan. Ipar Alemanian egindako organoa Azpeitiko Jose Antonio Azpiazu eta bere anaia Aritzek muntatu eta egokitu dute. Instrumentu berria datorren igandean (ekainak 17) estreinatuko dute. Igandean izango da Esklabetan bertan, 11etako mezetan eta Igandeko Eukaristiaren baitan.

Hiru tonako pisua du bataz-beste organoak eta estainu, zink eta egurrez egindako 2000 tubo ditu. Elizako koruan muntatu dute instrumentua, eta kontsola (teklatua) aldarean ipini dute. Instrumentua eta kontsola fibra optikoz konektatuta daude eta horrek ahalbidetzen du bi elementuak aparte egotea.

Azpeitian egina da egurrezko kontsola. 28 joko ezberdinekin, 56 notako bi teklatu eta 30 notako pedala ditu. Adituen arabera, "XVI-XVIII. mendeetako musika jotzeko instrumentu aproposa" da. Baditu beste hainbat bitxikeri: Pajaritos deitutako jokoak, batetik, txorien hotsa imitatzeko balio du eta, bestalde, Carrillon deituriko jokoa du, alegia, 12 brontzezko kanpaiez osatutako jokoa.

Organo berriak girotuko ditu aurrerantzean Esklabetako elizkizunak.

Larunbatekoa bertan behera

Larunbat honetan, Asteburu Musikalen baitan, Esklabetako organo berriaren inaugurazio zikloa abian jarri nahi zuten hasiera batean. Julian Barrenetxea Abesbatzarekin organo kontzertua ematea zuten asmoa Esklabetan. "Azken orduko hainbat arazo medio" bertan behera gelditu da larunbateko kontzertua.