Julia Tercero, Lizartzako zinegotzi orain

Uztarria.com 2007ko eka. 13a, 18:06
Julia Tercero PPko kidea joan den apirilean, Azpeitian.

Larunbatean hartuko du kargua, PPren hango zerrendako kideak erretiratu egin direlako

Aurreko legealdian gauza bera egin zuen Azpeitian

Julia Tercero PPko kidea 2003ko udal hauteskundeetan ez zen Azpeitian bere alderdiaren zerrendan agertu, baina 2004an Azpeitiko Udaleko zinegotzi izendatu zuten, alderdiak zinegotzi bat lortu (Habea ezker abertzaleko hautesle elkartea Espainiako auzitegiek baliogabe jo zutelako) eta zerrendako denak erretiratzean.

Orain Lizartzako (Gipuzkoa) zinegotzi izendatuko dute Tercero, larunbateko kargu-hartzean. Gauza bera gertatuta izendatu ere. Hau da, hura aurtengo udal hauteskundeetan ez da Lizartzan aurkeztu —Azpeitian baizik—, baina Lizartzako PPren zerrendako denak erretiratu egin direnez, alderdi horretako beste kide batzuek ordezkatuko dituzte; Tercerok, haien artean. Donostiarra da bera eta hortxe bizi da.

Espainiako auzitegiek LAS (Lizartzako Abertzale Sozialistak) eta EAE-ANV baliogabe jo ondoren, PP izan zen maiatzean han aurkeztu zen alderdi legezko bakarra. 27 boto lortu zituen, ordezkaritza izateko gutxieneko %5 baino gehiago (EAE-ANV baliogabeak 186 boto).

Regina Otaola PPko kidea izango da hango alkate. Eta, Terceroz gain, Laura Garrido Gasteizko legebiltzarkidea eta Miguel Angel Fernandez EAEko Nuevas Generaciones-eko presidentea izango dira, besteak beste, zinegotzi.

Baliteke kargu-hartze ekitaldia Lizartzatik kanpo egitea, "segurtasunagatik". Otaolak esan du "bistan" dela "herrian normaltasunik ez" dagoela.

Tercero eta Azpeitiko lana

Tercerok Uztarria herri aldizkariaren maiatzeko zenbakian esan zuen maiatzaren 27ko hauteskundeetan Azpeitian zinegotzi posturik ez balu lortuko, ez liokeela Azpeitian lana egiteari utziko. "Edozer egiteko prest nengoke. Azpeitiarrak ez ditut utziko, eta behar nauten bitartean hor izango naiz, politikoki ezin bada, sozialki. Hori bai, lortuko bagenu azpeitiar batek nik defenditzen ditudan ideiak defenditzea udaletxean, ni esanda nago orduan sobran nengokeela. Askatasunik ez dago, ordea. Bitartean, lanean segituko dut".

Lizartzara doa orain.