"Adostasunik ez" Udaleko kargu-hartze bezperatan

Uztarria.eus 2007ko eka. 13a, 18:06

Larunbatean izango da ekitaldia, eta alderdiek hizketan segitzen dute

Bozketa bat egingo dute eta boto gehien lortzen dituena izango da alkate

Larunbatean izango da Azpeitiko udaletxean ere kargu-hartze ekitaldia (12:00) eta, hiru egun falta direla, alderdien artean "adostasunik ez" dagoela adierazi diote uztarria.com-i alderdietako alkategai gehienek.

Maiatzaren 27an izan ziren udal hauteskundeak. EAJk 8 zinegotzi lortu zituen Azpeitian, EAE-ANVk 6, EAk 2 eta EB/Berdeak-Aralarrek 1. Inork ez dauka gehiengo osorik, beraz (17 zinegotzi dira). Larunbatean bozketa bat egingo dute eta boto gehien lortzen dituena izango da alkate.

Julian Eizmendi EAJren alkategaiak azaldu du alderdi guztiekin hitz egin dutela azkeneko asteetan eta hitz egiten ari direla, baina "diskrezioa" eskatu du.

IƱaki Errazkin EAE-ANVren alkategatiak adierazi du "ezer ez" dutela adostuta, eta "akordioa oso zaila izan arren", beste alderdiekin harremanetan jarraitzen dutela. "Gure aldetik saiakera egingo genuela esan genuen, eta horretan ari gara. Oraindik bi egun ditugu".

Manuel Unanuek (EA) dio "adostuta ezer ez" dagoela. "Alderdi denok elkarrekin hitz egin dugu baina, oraingoz, ez dago adostasunik gure artean".

Juan Karlos Arellanok (EB/Berdeak-Aralar) ere alderdi guztiek elkarrekin hitz egin dutela berretsi du. Dena dela, "oraingoz, bakoitza berearekin dago". "Oraindik" hitz egiten ari direla azaldu du, eta negoziaketez jaso duen inpresioa "ona" izan dela. "Nahiz eta programa askotan puntu kontrajarri ugari egon, jarrera irekiak sumatu ditut, oro har, beste alderdietatik".