UMP nagusi Hazparnen eta EH Baik %9,2 lortu du

Uztarria.com 2007ko eka. 11a, 14:06

Frantziako Legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzulian, EH Bai koalizio abertzalekoek Hazparnen Iparraldean baino emaitza hobeak lortu dituzte

Lucbereilh (UMP) eta Lassalle (UDF) pasatu dira bigarren itzulira

Atzo (igandea) izan zen Frantziako Legebiltzarreko hauteskundeetako lehen itzulia, eta Hazparnen (Lapurdi; Hazparne 80ko hamarkadatik senidetuta dago Azpeitiarekin) UMP eskuineko alderdia izan zen irabazlea, erraz: Herve Lucbereilh UMPko buruak 1.385 boto eskuratu zituen, %44,97.

Jean Lassalle UDF zentroko alderdiko kidea izan zen bigarren bozkatuena: 741 boto, %24,06. Hirugarrena, Jean Pierre Domecq PS alderdi sozialistakoa: 316 bozka, %10,26.

Laugarrena, Leonie Agergarai Euskal Herria Bai koalizio abertzalekoa: 284 boto, %9,22. Abertzale Batasunak, Batasunak eta EAk osatu dute koalizioa.

EH Baik Ipar Euskal Herrian 10.781 boto bildu ditu, %8. Laugarren geratu da, UMP, PS eta UDFren atzetik, eta PC komunista, Berdeak edota FN eskuin muturreko bezalako alderdien aurretik. Gustura geratu dira koalizioko kideak.

Igandean izango da bigarren itzulia, eta Hazparneren barrutian (beste herri batzuk sartzen dira bertan) Lucbereilhek, Lassallek eta Domecqek egin dute aurrera; gutxienez, bozen %12,5 behar zen horretarako.

Hazparnen %69ko parte-hartzea izan zen atzo (3.162 boto), Frantziako Estatuan baino ia %10 handiagoa.

Frantziako Estatuan UMPk inoizko emaitzarik onena lortu du, bozen %41 ingururekin.