Azpeitiak herriarteko pilota txapelketako finalerdia jokatuko du larunbatean

Uztarria.eus 2007ko eka. 7a, 14:06

Donostiak etxean hartuko du, Atano III.a pilotalekuan

"Finalerdi honen irabazlea izango da, ziur aski, aurtengo txapelduna", dio Ruiz Argandoñak

Azpeitia aurrera doa Gipuzkoako herriarteko pilota txapelketan. Oiartzunen kontra final-laurdenak irabazi ondoren, larunbat honetan (ekainak 9) jokatuko dute azpeitiarrek finalerdiaren joanekoak. Donostia izango dute arerio eta han, Atano III.a pilotalekuan jokatuko dituzte partidak.

Larunbatean 16:00etan hasiko dira partidak eta, Ilunpeko kide den Jesus Ruiz Argandoñak azaldu duenez, "irabazteko %50eko probabilitatea" dute azpeitiarrek. "Larunbateko partidak irabazten dituena izango da aurtengo herriarteko lehiaketako txapelduna segur aski", dio.

Azpeitiko taldea honako hauek osatzen dute: kadeteetan, Aizpuru eta Murgiondok; jubeniletan, Otamendi eta Ieregik; eta afizionatuetan, Uzkudune eta Larrañagak.