Jose Luis Franzesena zuzendariak kargua utziko du abuztuan

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 7a, 10:06
Jose Luis Franzesena Azpeitiko Udal Musika Bandaren emanaldi batean, zuzendari lanetan.

Bere seme Unai Franzesena izango da datozen bi urteetan bandaren gidari

Franzesenak 21 urte egin ditu Azpeitiko Udal Banda zuzentzen (Urola Kostako Hitza)

Herrian inork gutxik badaki ere, saninazioen ondoren Jose Luis Franzesenak, Azpeitiko Udal Musika Bandako zuzendariak, bere kargua utziko du. Bere ordez, Unai Franzesena semeak hartuko du kargua, hasiera batean bi urterako.

Ordezkoa, ordea, Bandako batzordeak aukeratu du. Batzorde hori bost kidek osatzen dute eta haiek proposatu zuten Unairen izena.

Jose Luis Franzesena Schubert-ek 21 urte daramatza Azpeitiko Udal Banda zuzentzen. Txiki-txikitatik dabil musika munduan. sei-zazpi urterekin hasi zen solfeoan On Julian Barrenetxea irakasle zuela. 44 urterekin hartu zuen bandako zuzendari kargua eta 65 urte betetzen dituen urtean utziko du. Azpeitiko bandan IƱaki Alberdiren tokia hartu zuen Franzesenak.

Konposatzailea ere bai

Jose Luis Franzesena ez da ezaguna bandako zuzendari izatearren bakarrik, organista, koroko zuzendari, konposatzaile izateagatik ere egin da ezaguna.

Konposizio lanetan hainbat sari lortu ditu azken urteetan: 1983ko Tolosako Abesbatzen lehiaketan lehen saria Tximeleta lanarekin; Segurako Txisturako kantuen lehen saria 1994ean eta 1995ean; Basozabal eta Arkupe lanekin, Gipuzkoako Abesbatzen Konposizio Lehiaketan aipamen berezia 1996an; Bizkaiko Abesbatzen Federazioaren lehen saria 1997an, 1998an eta 2000an; eta Bizkaiko lehiaketa honetan bigarren saria 2002an.

Semeak hartuko du lekukoa

Unai Franzesenak lehendik ere jasota ditu zuzendaritza ikastaroak eta kargu hau hartzearekin batera egingo ditu arlo honetako beste zenbait ikastaro. Azpeitiko Udal Bandan, berriz, 16 bat urte daramatza perkusioa joz; 17 urterekin hasi zen Bandan.

Unai Franzesena perkusiozko instrumentuak jotzearren eta erakustearren eginda ezagun azkenaldian; musikatik bizi da, beraz. Musikan pianoa joz murgildu bazen ere, perkusioak gidatu ditu bere urratsak azken urteotan. Kepa Junkeraren eta Ibon Konteronen babesean, txalaparta, teklatua edota perkusioak jotzen agertu da azkenaldian.