ETAren su-etenaren hausturaz zer?

Uztarria.eus 2007ko eka. 6a, 18:06

"Atsekabez" hartu dute albistea herrian, eta gatazka konpontzeko lanean segitu behar dela diote

Julian Eizmendi, Iñaki Errazkin, Manuel Unanue, Juan Karlos Arellano, Ramon Etxezarreta, Alaitz Olaizola, Xabier Euzkitze eta Maria Jesus Arregiren iritziak

Iazko martxoaren 22an iragarritako su-eten iraunkorra eten egin du ETAk gaur (asteazkena) gauerditik aurrera. Gara eta Berria egunkarietan jakinarazi zuenez, "negoziaketa prozesuan aritzeko ez daude gutxieneko baldintza demokratikoak" eta hori dela-eta "fronte guztiak berraktibatu egingo ditu". Albisteak erreakzio ezberdinak eragin ditu herrian.

Julian Eizmendi (EAJ)

"Hiru gauza azpimarratu nahiko nituzke. Lehenengo eta behin, Batasunak 2004ko azaroan Anoetan aurkeztutako proposamenaren haustura gertatu da. Bigarrenez, herri honek bere etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko eskubidearen aurrean, ETA da oztopo nagusia. Hirugarrenez, gatazka konpontzeko aterabideak aurkitzen lanean jarraitu behar dugu. Argi dagoena da ETAren indarkeriaren behin betiko amaiera izango dela aterabidea. Indarkeria behin betiko deuseztatuta eta eragile politikoen arteko elkarrizketan oinarritutako adostasunetik etorriko da irtenbidea. Eragile politikoen arteko elkarrizketan egin behar ditugu ahaleginak".

**Iñaki Errazkin (EAE-ANV)**

"Albiste honen aurrean, herritarrei sortu zaien bezala, kezka sortu zaigu. Ildo horretan, herrian sortu den kezka hori guztiz konpartitzen dugu. Zoritxarrez, eta azkenaldian esan dugun bezala, prozesuak hartuta zuen krisi sakon horren baitan etorri da hau.

Era berean, kezka handia sortzen digu urtebete honetan prozesuan eman den kudeaketak. Urtebete honetan prozesua garatu ahal izateko alderdi politikoen aldetik ez da jarri baldintza demokratikorik eta, batik bat, Espainiako Gobernuaren aldetik. Hori egin ahal izateko EAJk jokatu duen paperarekin ere oso kritiko agertzen gara, denok geure autokritika egin behar badugu ere. Gaur bertan, eta kezka eta egonezina sortu duen albistearekin batera, Iñaki de Juanarekin egin den injustizia hori ere bizi dugun gatazka politikoaren adierazle da.

Horregatik, aurrera begira, prozesu demokratikoa garatu nahi badugu, oinarri sendoaren inguruan izan beharko du; eragileen arteko errespetutik abiatuta, gatazka politikoa den heinean, berau gainditzeko akordio politikoa lortzera begira jarri behar ditugu gure indarrak.

Akordio horrek lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea kontuan hartu behar ditu. Hori izango da gure aldetik jarriko dugun konpromisoa eta, hauteskundeetara begira konpromisoa hartu genuen bezala, gure inguruan bildu diren bozka guztiak irtenbide bat lortzera begira erabiliko ditugu. Momentu hauetan ere, eta egoera oso zaila dela kontuan hartuta, etsipenak alde batera utzi eta oinarri horiek lortzeko lanean jarraitzeko momentua da".

Manuel Unanue (EA)

"Etsipenez hartu dut albistea. Ezintasuna eragin dit. Pentsatzen dut denok izango dugula errua, nork bere aldetik. Hori bai, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago. Nik modu bakarra ikusten dut gatazkari konponbidea emateko eta hori mahai baten inguruan hitz eginez lortuko da. Mahaiak, politikoek eta herriak eraikiko du prozesua, eta bere buruari aingeru salbatzaile izena ezarri dioten horien beharrik ez dugula iruditzen zait. Aurrera begira, egoskor bada ere, mahai inguruari heldu egin beharko diogu. Herriak, prozesuari begira, gero eta jarrera tinkoagoak hartu behar dituela iruditzen zait".

Juan Karlos Arellano (EB/Berdeak-Aralar)

"Ezusteko itzela hartu dut. Ez dakit jende askok erabakia zenbateraino ulertuko duen. Su-etena izan den bitartean pasatutako kontu guztiak, eta orain erabaki hau. Gatazka badago, eta sakona da. Nik galdera sinple bat egiten diot nire buruari: ez al gaude askoz hobeto sortu den bake itxaropen horrekin? Seguruenik, behin eta berriz erori behar den zuloa izango da eta zulo hori estaltzeko gauza asko egin beharko dira.

Aurrera begira, egongo da eman beharreko pausoak eman ez dituen alderdirik ere, ez duelako amore eman nahi. Eta hor dago koska: jende askok eman beharko du amore, eta zaila da. Aurrera begira ikuspegi zabal bat izan behar dugu, ez hemendik 5-6 urterakoa. Ea datorren belaunaldiek zerbait positiboa ikus dezaketen. Lehendik ere ezagutzen genuen egoera da honako hau eta ez da ona inorentzat". ('Urola Kostako Hitza'-tik hartuta)

Ramon Etxezarreta (PSE-EE)

"Gizartea ez da oldartu horrelako egoera batean aurrean, eta horregatik deskonzertatuta eta minduta nago. Jendearen erosokeriak mindu egiten nau. Izan ere, zuzenean ez badio eragiten, beste alde batera begiratzen du. Gizarteak ezin du etsipenean erori, ezin da onartu hori. Ezin da pentsatu tokatzen dena aguantatu beharra dagoela. Ez, gauzak ez dira horrela eta ezin dute horrela izan, egoera hau aldatzeko borrokatu egin behar delako. Merezi dugun bezala bizitzeko borrokatu behar gara guztiok. Erantzuleak, su-etena hautsi dutenak dira". ('El Diario Vasco'-tik hartuta)

Alaitz Olaizola (antzerki-egilea)

"Goizean goiz jaso nuen albistea irratian. Pena eta atsekabea sortu didala aitortzen dut. Su-etena aldarrikatu zutenean, poza nagusitu zen eta orain inpresioa kontrakoa dela uste dut. Askok esan dute esperotako albistea zela su-etenaren haustea, baina nik banuen itxaropena. Neukan itxaropena itzali egin zait pixka bat. Izan ditugu oso demokratikoak izan ez diren hauteskundeak eta abar, baina itxaropena banuen. Nik ez dakizkit negoziazio mahaietan-eta ibili dituzten trikimailuak, baina iruditzen zait lehen geunden egoerara itzuli garela. Batzuek albistea politikoki etekina ateratzeko erabiliko dute baina, herritar soilek, oro har, jasango ditugu ondorioak".

Xabier Euzkitze (telebistako aurkezlea)

"Bazen datu bat itxaropen apur bat piztu zidana: kanpainan atentaturik ez izateak pentsarazi zidan, beharbada, oraindik ere zubiren bat zabalik egon zitekeela. Horixe zen itxaropenerako neukan datu bakarra. Baina gainontzean su-etena hautsita zegoen, edozein unetan egoki iruditzen zitzaizkion ekintza armatuak burutzeko beretzat gorderik zeukan eskubide horrekin, ez zen inola ere benetako su-etena eta, beraz, ez zait iruditzen gauzak hainbeste aldatu direnik.

Ez dakit zer gertatuko den. Hala ere, pentsatu nahi dut ETA hor egon arren, herri honetako agente sozial eta politikoek badaukatela edo erakutsiko digutela autonomia, eta ezker abertzaleak ere behingoz aurre egin ahal izango diola asko dela eta hemen soberan dagoela. Badakit oso balorazio delirantea ematen duela honek, baina askoz delireanteagoa da ETAren agiria". ('Berria'-tik hartuta)

Maria Jesus Arregi (Lokarriren ekimenetako partaidea)

"Albisteak min eman dit. Pentsatzen dut denon errua izango zela gertatutakoa. Itxaropena sortu ziguten iazko martxoan su-etena aldarrikatu zutenean. Nire ustez, arazoa politikoa denez, zer gertatzen da arazo hori politikoki ez zuzentzeko? Nork ez du nahi? Herritarrok nahi dugu. Ulertzen dut horrelako prozesu batek bere denbora behar duela eta baliteke herriak espero duena baino luzeagoa izatea irtenbiderako bidea. Nik badut itxaropena eta pentsatu nahi dut prozesua berriro bideratzeko moduren bat egongo dela".