EAE-ANVk hauteskundetako "balorazio positiboa" egin du

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 4a, 14:06

Beraien boto-emaile guztiak zoriondu dituzte

Udal osaketara begira, "ikuspegi irekia" dutela esan du eta "herrian aldaketa beharrezkoa" dela (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko EAE-ANVk hauteskundeetan alderdiari botoa eman dioten herritar guztiak zoriondu ditu. "Azpeitian lortu ditugun emaitzak oso positiboak izan dira", adierazi du IƱaki Errazkin zerrendaburuak. "Hala ere, hauteskunde hauetan dena ez da hain positiboa izan. Udal hauteskundeetan aukera izan dugu aurkezteko baina Batzar Nagusietako hauteskundeetan EAE-ANVk ezin izan du aurkeztu".

Hilaren 16an izango da kargu-hartzea udaletxean eta "ikuspegi irekia" dutela nabarmendu dute. "Hilaren 16a bitartean, beharrezkoak diren harremanak izango ditugu gainontzeko alderdiekin, eta emaitzak baldin badaude, hauen berri emango dugu".

Haren hitzetan, "herrian aldaketa beharrezkoa da", eta beraiek nahi duten aldaketa hiru puntutan oinarritzen dute: "Alde batetik, gatazka politikoa gainditzeko beharrezkoa da prozesu demokratikoa eta bake prozesua mahai gainean jartzea. Bestetik, Udal parte-hartzailea bultzatu nahi dugu. Eta azkenik, politika ezkertiarra aurrera eramateko hainbat alor landu behar direla argi dugu, euskara eta euskal kultura besteak beste".