Gazte Egunean futbola, afaria eta kontzertuak izango dira, bihar

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 1a, 13:06
Urte asko dira Gazte Astea antolatzen hasi direnetik; plazako partidak astearen ikur bilakatu dira.

.500 sinadurak babestutako Gazte Manifestua kontuan hartuta, etxebizitza politika salatzeko eguna ere izango da

Bihar 16:00etan hasiko den areto futbol txapelketarekin hasiko da eguna (Urola Kostako Hitza)

Gazte Astea aurrera doa bere futbito finalerdiekin eta hitzaldiekin. Biharkoa izango da, ordea, egun handia: Gazte Eguna. Bihar 16:00etan hasiko den areto futbol txapelketarekin hasiko da eguna, eta bakoitza nazkatutakoan amaitu. Gainera, Gazte Eguna Sanjuandegiko jaiekin uztartzeko aukera ere egongo da; zenbaiten asmoa hori izango da, behintzat. Hala ere, zenbait gazterentzat, azterketak direla eta, ez da izango garairik onena egun hau ospatzeko.

Arratsaldea areto futboleko finalek beteko dute, herriko plaza futbol zelai bilakatuta. Ondoren, triki-poteo aldarrikatzailea egingo da, eta atzetik berdura plazan afaria. Gauean, berriz, kontzertuak izango dira Gaztetxean.

Areto futbol txapelketa apirilean hasi zen eta hogei bat taldek hartu dute parte. Aurreko urteetan neskek ere parte hartu badute ere, aurtengoan, antolatzaileek azaldu dutenez, nahiago izan dute bihar hasiko den Emakumeen Futbol Txapelketaren zain egotea. Izan ere, antolatzaileen esanetan, "hainbat neskak aipatu izan dutenez lehiakortasun handiegia izaten da txapelketa honetan".

Gazte manifestua

Gazte aste honetan gazteek badute zer aldarrikatu. Gainera, 500 gazteren atxikimendua eta babesa lortu dute. Martxoan hasi ziren Azpeitiko Udalaren etxebizitza politika salatzeko Gazte Manifestua deitu zuten adierazpen bat kaleratu eta taberna eta koadrilen artean banatzen. Horren inguruan, Ekaitz Agirre Azpeitiko Gazte Asanbladako kideak aste honetan azaldu duenez, "gazteok etxebizitza eskubidea dugu aldarrikatzeko, etxebizitza luxu bat bihurtu den garaiotan".

Udalak aurten Babes Ofizialeko Etxeak egiteko egitasmoak abian jarri dituen arren, aez dela konponbidea dio: "Udalak guk irtenbide bakarra zozketa dela pentsatzea nahi du, baina ez da hala. Baliteke batzuentzat ongi etortzea, baina asko dira parte ezin hartuta geratu edo etxerik gabe geratuko direnak". Horregatik, Gazte Asanbladatik hausnarketa bultzatu nahi da Udaleko etxebizitza politika salatzeko hasi dituzten ekimen hauekin.

Gazte manifestuan lortu duten sinadura kopuruarekin gustura agertu zen Agirre, nahi beste zabaldu ez duten arren; gainera, eperik ez jartzean, agian luzeegi jo duen irudipena dute. Baina, "sinadura hauek garbi erakutsi digute gazteen babesa dugula, benetako aldaketa baten premia dagoela" azaldu du asanbladako kideak.

Sinadurak bilduta, orain zozketara begirako ekimenak antolatzen hasiko dira.