EAJk irabazi ditu udal hauteskundeak

Uztarria.eus 2007ko mai. 28a, 01:05
Udaleko zinegotzien banaketa, botoen %100 zenbatuta.

Botoen %100 dago zenbatuta dagoeneko

EAJk 8 zinegotzi lortu ditu, EAE-ANVk 6, EAk 2 eta EB-Aralarrek 1

Ekainaren 16an izango da kargu-hartze ekitaldia udaletxean

Udal hauteskundeak

Udal hauteskundeak

Botoen %100 zenbatuta dagoela, EAJk irabazi ditu Azpeitian 2007ko udal hauteskundeak. 8 zinegotzi lortu ditu, 3.300 botorekin. EAE-ANV izan da bigarren alderdia: 2.409 botorekin, 6 zinegotzi lortu ditu. Hirugarren alderdia EA: 2 zinegotzi lortu ditu, 760 botorekin. EB/Berdeak-Aralar koalizioak zinegotzi 1 lortu du, 404 boto eskuratuta.

PSE-EEk eta PPk duela lau urte zinegotzi bana lortu zuten (Habea baliogabe zegoela-eta), eta gaur ez dute batere eskuratu.

Azpeitian udal hauteskundeetan gaur 7.495 boto jaso dira guztira, eta abstentzioa %32,24koa izan da.

Ekainaren 16an izango da kargu-hartze ekitaldia udaletxean. Alkatetza lortzeko, lehen bozketan gehiengo osoa beharko da. Inork lortzen ez badu, gehiengo sinple bidez hautatuko dute alkatea. Zinegotzien botoetan Alkatetzarako berdinketa balego, alkatea zozketa bidez aukeratuko lukete.

Emaitzak

Balorazioak

Udal hauteskunde hauetako emaitzak jakinda, alderdi guztietako zerrendaburuen balorazioak jaso ditu uztarria.com-ek.

Julian Eizmendi (EAJko zerrendaburua).

Julian Eizmendik "bozka eman duten guztiak zoriondu" nahi izan ditu lehenengo eta behin. "Herriak bere hitza eman du eta bozka eman dutenak zoriondu nahiko nituzke". Herri honetarako "hiru-lau erronka nagusi jarriak" dituztela-eta, astelehenetik aurrera horiek aurrera ateratzen saiatuko direla esan du.

Inaki Errazkin (EAE-ANVko zerrendaburua).

EAE-ANV alderdiarentzako "oso emaitza onak" izan direla azaldu du Errazkinek. "Lau urteko ilegalizazioaren ondoren, gure proiektuak aurrera doazela ikusi da". Udal hauteskunde hauetan herri honek "aldaketaren alde" egiteko asmoa hartu duela esan du eta "saiakera guztiak" egingo dituztela aldaketa hori gauzatu ahal izateko. Horretarako, "aukera guztiak irekita" daudela gaineratu du. "Abstentzio altua" nabarmendu nahi izan du. "Azken urte hauetan instituzioetatik eman den politikaren gaineko hausnarketa sakon bat ematea beharrezkoa deritzot". Gipuzkoako Batzar Nagusietako emaitzez, "nahiz eta hautagaitza baliogabetzen saiatu, izugarrizko emaitzak atera ditugula ikusi da. Ilegalizazioaren estrategia gainbeheran joan da lau urteren ondoren" dio Errazkinek. "Besarkada bero bat" bidali die Azpeitiko preso eta iheslari guztiei.

Manuel Unanue (EAko zerrendaburua).

Manuel Unanueren arabera, euren alderdiak "emaitza kaskarrak izan ditu" eta EAri "abstentzioak asko eragin" diola uste du. "Balorazio negatiboa" egin du Unanuek eta horren aurrean "hausnartu beharrean" daudela iritzi dio. EB/Berdeak-Aralar koalizioak herrian "indar handia hartu" duela ikusi da, haren ustez.

Juan Karlos Arellano (EB/Berdeak-Aralarreko zerrendaburua).

"Pozik" agertu da Juan Karlos Arellano. "Udaletxean lekua lortzea genuen helburu eta, neurri handi batean, geneukan helburua lortu egin dugu". Orain, "aurkeztutako programa eta egindako promesak betetzen saiatu" beharko direla dio. Horretarako, "ilusioz" daudela esan du. Abstentzioa "aztertzeko modukoa" izan da, haren iritziz.

Manoli Uranga (PSE-EEko zerrendaburua).

"Balorazio positiboa" egin du Manoli Urangak herriko emaitzei buruz. "Nahiz eta orain zinegotzirik lortu ez dugun, PSE-EEk oro har lortutako boto kopurua igo egin da", azaldu du. "Herriak nahi duena" erabaki dela aipatu du eta "eskerrak" eman dizkie botoa eman dietenei.

Julia Tercero (PPko zerrendaburua).

Julia Tercerok "balorazio negatiboa" egin du udal hauteskunde hauetako emaitzen inguruan. "Duela zortzi urteko egoera berera itzuli gara". "Legegintzaldi zaila" izango dela azaldu du. Dena dela, "herriak hartutako erabakia" dela dio.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeak

Udal hauteskundeekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako batzarkideak aukeratzeko eguna ere izan da gaur Azpeitian. Horietan ere EAJ izan da nagusi herrian. Hona emaitzak:

Oharra. Espainiako auzitegiek baliogabetu egin dute EAE-ANVren Gipuzkoako hautagaitza eta, kontaketa ofizialetan, boto baliogabe modura agertzen dira horiek.

Informazio orokorra jarraitzeko jo berria.info webgunera