Azpiazuren partiturak liburuan bildu dituzte

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 25a, 18:05
Alaitz Telletxea eta Xabier Aburruzaga atzoko aurkezpenean.

Ostegunean aurkeztu zuten Soinua paperean bildumako hirugarren alea, Azpiazurena

Atzo aurkeztu zuten liburua Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean (Urola Kostako Hitza)

Faustino Azpiazu Sakabi (1916-1995) partiturak eta KDa liburua aurkeztu zuten atzo (osteguna) Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Bertan izan ziren partiturak transkribatu dituen Xabier Aburruzaga eta Alaitz Telletxea, Euskal Herriko Trikitilari Elkarteko lehendakaria.

Soinua paperean bildumako hirugarren alea da oraingoa, Manuel Sodupe Gelatxo (1988-1953) eta Jazinto Rivas Elgeta (1906-1964) trikitilarien inguruko partitura bildumen ondotik.

Lan hau Iñigo Aranbarriren sarrera testuarekin, Sakabiren 19 partiturarekin eta kantuen letrarekin osatu da.

Azken liburu honen eta bildumaren helburua "errepertorio zaharra eta soinua jotzeko estilo zaharrak biltzea da, batetik, eta jasotzen ari garen guztia belaunaldi berrientzat uztea da, bestetik" azaldu zuen Telletxeak.

Xabier Aburruzagak bere lanak bi zati izan dituela aitortu zuen: "Lehenengo piezak joz notak atera ditut eta gero ordenagailura pasa ditut, encore programa erabiliz". Aburruzagak lan hauek musika eskoletarako baliagarriak izan ohi direla adierazi zuen, bestela trikitixa irakasleak aritu behar izaten baitute piezen partiturak ateratzen.

"Elgeta", maisu

Faustino Azpiazu Sakabi 1916an jaio zen Lasturren (Deba) eta 1995ean hil zen Azpeitian. Antton Baltzola, Madarixa Txikia eta Jazinto Rivas Elgeta izan zituen irakasle. Azken honen eskolak jasotzera, gainera, Eibarreraino joaten zen; soinua bizkarrean hartuta Azkarateraino oinez, eta handik autobusez.

60ko hamarkadan Jose Mari Urbieta Egañazpi lagun hartuta lortu zuen arrakasta. Columbia disketxeak kantuak grabatzeko aukera eskaini zien eta lau abestiko bi single grabatu zituzten.

Liburuarekin batera argitaratu duten KDan, esan bezala, 19 kantu bildu dituzte. Kantu hauek irratiko grabaketak-eta dira eta inoiz ez dute ikusi argia disko formatuan.

Tapiaren goraipamena

Joseba Tapia ere bazen atzoko aurkezpenean eta Azpiazuren balioa nabarmendu zuen. Trikitia menditik kalera jaitsi zuen belaunaldi hartakoa zela eta trikitiarekin kantua uztartzen bera hasi zela nabarmendu zuen. Horren bikote Rivasetaz "euskal kantaera irudikatzen" duela zioen, eta biek osatutako bikotea goraipatu zuen.