EAE-ANV: "Hauteskunde demokratikoak egitea dugu helburu"

Uztarria.eus 2007ko mai. 16a, 16:05
EAE-ANV alderdia atzo Sindikatu Zaharrean egindako agerraldian.

Azpeitian, "ezkertiar eta abertzale" ikuspegitik, "aldaketa" egiteko proiektua aurkeztuko dute

EAJ eta EAko hautagaiei gonbita luzatu diete "adostutako" mahainguru batean parte hartzeko

Azpeitiko EAE-ANV alderdiak atzo (asteartea) egindako agerraldian azpimarratu zuen herri honetako ezkertiar eta abertzaleek "bere aukera politikoa egiteko ezintasunari erantzun nahi" diotela maiatzaren 27 egingo diren udal hauteskundeetan. "Hauteskunde demokratikoak" egitea dutela helburu adierazi zuten. "Ez dugu utziko Azpeitian errotutako mugimendu hau aukerarik gabe geratzea, eta horri erantzuteko asmoz aurkeztuko gara hauteskundeetara", azaldu zuten agerraldira bildutakoek.

Horren aurrean, gainontzeko alderdien "jarrera zapaltzailea" salatu zuten. "PSOEk, EAJren laguntzarekin, ehunka zerrenda baztertu ditu; horien artean, Azpeitiko Abertzale Sozialistena eta Gipuzkoako EAE-ANVrena. Iruzur berri bat egin nahi digute". "Imazek PPrekin gobernu akordioetara iristeko prestutasuna agertu du eta ezker abertzalekook, berriz, parasito eta garrapata bezalako deitura samurrekin izendatu gintuen".

Ildo beretik, joan den lau urtekoa "bazterketaren legegintzaldia" izan dela salatu zuten. "Herriaren laurdena baztertuta funtzionatu da udaletxean, eta erabaki garrantzitsuak hartu dira, gainera. Arau ordezkatzaileak onartu dituzte, esaterako, eta zilegitasun demokratikorik gabe" diote.

Hala ere, joan diren lau urte horietan "proiektu ezkertiar eta abertzaleak pauso sendoak eman ditu eta proposamen berritzaileen aitzindariak izan dira", haien ustez. Ildo beretik eta datorrenari begira, "Azpeitia berri bat, udal berri bat" eraikitzeko apustua luzatu zuten, "herri honek aldaketa behar duelako". Izan ere, "herritarrona den Udala alderdi baten eskuetan dago eta erabakitze eta parte-hartzea ere mekanismo beretatik joan dira".

Mahai-ingururako gonbita gainontzeko alderdiei

EAE-ANV alderdia proposamen berri batekin azaldu zen: dei egin zioten bereziki EAJ eta EA alderdietako hautagaiei mahai-inguru batean parte hartzera. Horretarako, Kaito Telebista erabiltzea proposatu du. Dena dela, prest agertu ziren moderatzaileaz eta eztabaidatuko diren gaiez "adostasunera" iristeko. "Herritarrentzako aberasgarri" iritzi dio EAE-ANV alderdiak ekimen hori eta beste alderdien erantzunaren zain gelditu dira.