Udal promozioko 34 etxebizitzen zozketarako izen-emateko epea ireki du Udalak

Uztarria.eus 2007ko mai. 8a, 21:05

Interesatuek ekainaren 15a baino lehen eman beharko dute izena

Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorlur sozietatearen bitartez beste sei etxebizitza eraikiko ditu Nuarben

Azpeitiko Udalak ireki du udal promozioko etxebizitzen zozketan parte hartu ahal izateko izen-ematea. Guztira, 34 etxebizitza egingo dituzte Nuarben, Enparan kalean eta kuartel zaharra zegoen lekuan. 18 etxebizitza egingo dituzte Kuartel Zaharrean, 7 Enparan kalean eta 9 Nuarben.

Udalak ezarritako baldintzei jarraiki, 2006ari dagokionez, gutxienez 12.000 euro eta gehienez 49.650 euroko diru sarrera egiaztatuak izan beharko dituzte interesatuek zozketan parte hartu ahal izateko. Bestetik, Erkidegoan indarrean den araudi erregulatzailearen arabera, etxebizitzarik ez izatea da Udalak izendatutako bigarren baldintza. Baita ere, zozketan parte hartu ahal izateko, azkeneko 5 urteotan Azpeitian gutxienez 3 urtean bizi izatea, azken 15 urteotan 5 urtez bizitzea edota azkeneko10 urteotan Azpeitian lana egin izana egiaztatu beharko da.

Ekainaren 15a baino lehen

Zozketan parte hartu nahi dutenek ekainaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaria Azpeitia Lantzen-ek Enparan kalean duen bulegoan. Behin Azpeitia Lantzenek eskariak tramitatzen dituenean Udaleko iragarki oholean eta web orrian argitaratuko ditu hamar lan eguneko epean. Dena dela, udal promozioko etxebizitza hauen zozketaren aurretik egingo da Etxebeltz-Izarran egingo dituzten babes ofizialeko etxebizitzen zozketa.

Etorlur-ek sustatuko sei etxebizitza

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorlur sozietatearen bitartez eraikiko ditu Nuarben sei etxebizitza. Azpeitia Lantzenek etxe horien inguruko informazioa eskuragarri izango duela jakinarazi du interesatuentzako.