AASk dio "hauteskundeotan legalizazioa baino gehiago prozesua bera" dagoela jokoan

Uztarria.eus 2007ko mai. 4a, 22:05
Azpeitiko Abertzale Sozialistak hautesle elkarteko kideak udaletxe azpiko arkupetan emandako prentsaurrekoan.

Azpeitiko Abertzale Sozialistetako ordezkariek gaitzetsi egin dute udal hauteskundeetarako zerrenda inpugnatu izana

Maiatzaren 9ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte azpeitiarrak

Azpeitiko Abertzale Sozialistak (AAS) hautesle elkarteak maiatzaren 27ko udal hauteskundeetara aurkeztutako zerrendaren inpugnazioa gaitzetsi egin du gaur (maiatzak 4), udaletxe azpiko arkupeetan egindako prentsaurrekoan. Aitzol Iparragirre AASko zerrendaburuak adierazi duenez, "hauteskundeotan legalizazioa baino gehiago prozesua bera dago jokoan". Haren iritziz, "Espainiako Gobernua ezker abertzalearen aurkako eraso berri batean sartu da buru-belarri, hainbat zerrenda inpugnatuz".

Iparragirrek herritarrei emandako babesa eskertu die. AASko ordezkariaren iritziz, "azken lau urteotan, ezker abertzaleak politikoki ilegalizazioa gainditzea lortu du, ezker abertzalearen eta herriaren indarrari esker". Ildo horretan, "hainbat eragileren arduragabekeria" salatu du. Gaineratu duenez, "PSOE eta EAJ alderdiek gatazka gainditzeko bidean pausoak eman baino nahiago izan dute prozesua ezker abertzalea erasotzeko erabiltzea".

AASko buruak esan du "eraso bakoitzari" erantzungo diotela eta "euskal herritarren hitza errespetarazteko prozesu politikoa" bultzatzen jarraituko dutela. Horrela, maiatzaren 9ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte azpeitiarrak.