Igogailua ipintzeko diru laguntzak emango ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 2a, 11:05
Kanpotik espazio publikoa erabiliz egindako igogailua Pablo VI auzoan.

.60.000 euroko aurrekontua ezarri da 2007 urterako

Aurtengo aurrekontua amaitzen bada, datorren urtean erantzungo zaie eskaerei

(Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udalak igogailurik ez duten eraikin zaharretan igogailua jartzeko diru laguntzak ematea arautzen duen ordenantza onartu du.

Arautegi honek bi eratako laguntzak biltzen ditu: bata igogailuaren makinari dagokiona eta bestea,aldiz, obra zibilari dagokiona. Hori bai, diru laguntza hau igogailua eraikinaren barruan ezartzen duten bizilagun elkarteei bakarrik emango zaie. Izan ere, espazio publikoa erabiltzen dutenek, espazio publikoan eraiki eta horregatik ez ordaintzea da orain arte izan duten laguntza.

Aurrekontua, 60.000 eurokoa

Udalak 60.000 euroko aurrekontua ezarri du 2007 urterako. Eskaerak aurkezteko ez dago eperik eta dagoeneko badira lau eskaera diru laguntza hau jasotzeko. Hala ere, lauretako inork ez ditu betetzen baldintzak eta "Udala lau bizilagunen elkarteekin harremanetan jarriko da beraien eskaerak osatu ditzaten, eta era honetan, dagokien laguntza jaso dezaten", azaldu zuen Manuel Unanue zinegotziak.

Igogailuak ipintzeko beste 16 lizentzia ere eman ditu Udalak, baina hauek ez dute eskaerarik egin. Dena den, hauek ere badute eskaerak aurkezteko aukera oraindik.

Eskaera egin den ordenaren arabera banatuko dituzte diru laguntzak. Aurtengo aurrekontua amaitzen bada, datorren urtean jasoko dute laguntza. Bakoitzaren premia sakon aztertuko da zenbateko laguntza eman erabakitzerakoan.