Udaberriko argazki rallya Luis Llavori zumaiarrak irabazi du

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 1a, 11:05
Agirre, Llavori, Olarte, Egaña, Korta, Romatet eta Amaia Romateten anaia txikia garaikurrekin.

.25 partaide izan ditu aurtengo Udaberriko Argazki Rallyak

Sei gai komun jorratu dituzte parte-hartzaileek

(Urola Kostako Hitza)

Larunbatean banatu ziren Udaberriko Argazki Rallyko sariak. Luis Llavori zumaiarra izan da punturik gehien lortu duen parte-hartzailea.

Larunbatean izan zen sari banaketa ekitaldia Tren Museoan eta bertara Azpeitiko Argazki Elkartekoak eta irabazleak ez ezik, hainbat herritar ere hurbildu zen. Museoan, rallyra aurkeztutako argazki guztiak ikusi zituzten lehenik, eta ondoren eman zituzten sariak.

Lehen saria, esan bezala, Luis Llavorik irabazi zuen; bigarren saria Juan Joxe Agirrerentzat izan zen. Argazki onenaren saria Peio Romatetek irabazi zuen eta fototekarena Lazaro Egañak; herriko lehena, berriz, Iñigo Olartek eraman zuen. Argazkilari gazteenaren saria, azkenik, Amaia Romatetek irabazi zuen, saria bere anaia txikiak jaso bazuen ere.

Hiru epaimahai

Argazkiak epaitzen epaimahai ezberdinak aritu dira. Era honetan, rallyan landu behar ziren sei gaiak hiru epaimahaik aztertu dituzte, bi gai aztertuta hiru lagunez osatutako epaimahai bakoitzeko. Honela, Erramu Eguna eta Udaberria gaiei buruzko argazkiak Zarauzko Argazki Elkartekoek osatutako epaiimahaiak epaitu ditu. Diagonala eta Fototeka Donostian dagoen Gipuzkoako Argazki Elkarteak epaitu ditu. Eta, azkenik, Negatiboa eta Librea Olaberriako Argazki Elkartekoen epaimahaiak epaitu ditu. Azpeitian egin den aukeraketa bakarra argazki onenarena izan da.

Guztira 25 partaide izan ditu eta parte-hartzaileen artean, berriz, azpeitiarrak eta zumaiarrak nabarmendu dira. Antolatzaileek nahi bezala, gazteak ere hasi dira bistaratzen.Hurrengo hitzordua Udazkeneko Mendiko rallya izango dela gogorarazi zuten antolatzaileek.