'Esplotatzaileak aski da! Independentzia' pintadak egin ditu Segik Inem-en

Uztarria.eus 2007ko api. 27a, 12:04
Langile bat hila irudikatzen duen panpina jarri dute Inem-eko ate aurrean.

Gaur goizean goiz burutu dute ekintza

Gazte erakundeak Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean kokatu du ekintza, eta kapitalismoa gaitzetsi nahi izan du

Urola kalean Inem-ek duen bulegoaren atarian Zuena terrorismoa, kapitalistak! eta Esplotatzaileak aski da. Independentzia pintadak egin dituzte gaur (ostirala). Enplegu bulegoaren ate aurrean langile bat hila irudikatzen duen panpina ere jarri dute.

Segi gazte erakundeak bere gain hartu du ekintza eta, hedabideetara helarazi duen agiriaren bidez, kapitalismoa gaitzetsi nahi izan dute. Segik Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean kokatu du ekintza eta LABek deitutako mobilizazioekin bat egiten duela adierazi du.

Segiren agiria

"Egunero ematen dira lanpostu ezberdinetan lan istripuak, prekarietateak eraginak, eta horietan, euskal langile ugarik galtzen dute bizia. Azpeiti inguruan jadanik hiru langile dira ikasturte honetan bizia galdu dutenak. Lan istripu hauek salatzeko Inemen egoitza aurrean ekimena burutu dute gaur goizean, borroka egunari hasiera emanez.

Gaur egungo sistema kapitalista hainbat sufrimendu eta odol ari da zabaltzen euskal langileriaren inguruan, euskal gazteok esparru eta sektore desberdinetan esplotatzen gaituztelarik. Gutxi batzuek boterea eta aberastasuna eduki dezaten euskal gazteri langileriari eskaintzen zaiona esplotazioa, kontratu lotsagarriak, lanordu gehiegizkoak, soldata kaxkarrak... dira. Sistema hau inposatzen duten PSOE, PNV, UMP, UPN eta enparauak euskal gazteriaren kontura aberastea ez dugu onartuko.

Azpeitiko SEGIk osasun laboralaren egunaren bezperan kokatuz eta LABek gaurko deituriko lanuzteekin bat eginez, ekimen hau burutu du. Lan istripu gehiago egon ez dadin gaurko mobilizazioetan parte hartu eta borrokatzeko mezua luzatu nahi diegu gazteei.

Garbi utzi nahi diegu esplotatzaile guztiei, euskal gazteria, euskal langileria aurrean gaituztela, ezarri diguten sistemari aurre egiteko. Esplotatzaileak aski da!

Prekarietateak hil egiten du! Zuena terrorismoa, Kapitalistak!".