Ordubeteko lanuztea egingo dute gaur LABek deituta istripuak salatzeko

Urola Kostako Hitza 2007ko api. 27a, 11:04
Joan den ostiralean egin zuten Azpeitiko LABeko kideek elkarretaratzea Landetan gaurko lanuztea deitzeko.

Beharrezkoa ikusten dute administrazioak legedia aldatzea eta enpresek erantzukizuna hartzea

Joan den ostiralean egin zuten kontzentrazioa Landetan gaurko lanuztera deitzeko

(Urola Kostako Hitza)

12:00etatik 13:00etara lanuztea izango da gaur lan istripuak salatzeko, LABek deituta. Ordubete horretan herriko hainbat lantegiren kanpoan eta herriko plazetan elkarretaratzeak egingo dira. Urola Kosta osoan deitu du lanuztera LABek.

Eskualdeko langile bat hil da aurten lanean eta istripu larri zein arinak ohikoak dira hemengo lantegietan. Aurten, martxoan, Errezilen eraikuntza lanetan ari zen 45 urteko zarauztar bat hil da eta hainbat istripu gertatu da, hauen datu zehatza urtea bukatu arte jakinarazten ez bada ere. Iaz, berriz, 40 urteko bi langile hil ziren Azpeitian eta 39 urteko gizon bat Zestoan.

Istripuak nola saihestu

Lanuztearen antolatzaileek zehaztu dutenez, "iaz hil ziren horietatik %65 enpresa azpikontratatzaileetako langileak ziren. Enpresa horietako lan erritmo gogorrak, aldarrikapenik ezin egin ahal izateak, ordezkaririk ez izateak eta kaleratzearen mehatxua gainean izateak istripuak gertatzea errazten du".

Europako Batasuneko datuen arabera lan istripuen zenbatekoa asko handitzen da Euskal Herrian, Frantzia, Alemania eta beste hainbat estatutako datuekin konparatuz. Aitzol Aristorena arduradunak beharrezkoa ikusten du administrazioak eta enpresek esku hartzea: "Administrazioak prebentzio maila eraginkorragoa izateko legeak arautu behar lituzke, eta delitu penal bezala hartu behar lirateke enpresa erantzule duten kasuak".

Aitzol aristorena. Urola kostako LAB-eko arduraduna

"Lan baldintzak lehenetsi behar dira, ekoizpenaren aurretik"

Gaurko lanuztea dela eta maiatzaren 1a datorren asteartean izango dela eta, zenbait azalpen eman ditu LABeko eskualdeko arduradun Aitzol Aristorenak (Hernani, 1977).

Lan istripuak ia egunero gertatzen dira. Gertaera hauen aurrean zer egin beharko litzateke?

Azpikontratazioko lan baldintzak aldatu, administrazioaren legedia aldatu eta, nola ez, enpresetan lan baldintzei lehentasuna eman ekoizpenaren aurretik.

Zein sektoretan gertatzen dira istripu gehien?

Zalantzarik gabe, heriotza gehien eragiten dituzten lan istripuak eraikuntzan gertatzen dira. Metalgintzan eta papergintzan ere heriotza eta istripu larri asko gertatzen dira.

Askotan langileen alkohol tasari edo segurtasunik ezari bota izan zaio errua.

Hori ez da horrela. Odolean beharrezkoa baino alkohol tasa handiagoa lanorduetan eramatea, bera, kaleratzeko arrazoia baita. Alkoholaren kasuan, kaleratzeko kasu objektibo baten aurrean egongo ginateke. Gainera, legez, istripuak prebenitzeko erantzukizun oso-osoa enpresena da. Eta, berdin, kaskorik erabiltzen ez den kasuetan; enpresa da neurri horiek bultzatu behar dituena.

Aurrera begira hitzarmen berririk edo grebarik ikusten al duzue?

Hainbat Sektoretako negoziazioak irekita daude; garrantzitsuena metalgintzakoa da. Eta patronalak lanaldiaren murrizketa onartzen ez badugu ez duela negoziatuko esan du. Beraz, ziur asko lanuzte eta grebak egingo ditugu.

Maiatzaren 1era begira, zer ekitaldi antolatu dituzue?

Guk Maiatzak 1 deszentralizatua antolatu dugu. Eskualde bakoitzak bere manifestazioa antolatu du. Gure eskualdean, Zumaian izango da manifestazioa, 12:00etan Kofradiatik abiatuta.

ELArekin batera ospatuko al duzue maiatzaren 1a?

Ez, ez. Sindikatu bakoitzak bere deialdi propioa egin du.