Belen Uranga: "Europako hizkuntzak ondo aztertuta daude; beste kontinenteetakoak ez hainbeste"

Uztarria.eus 2007ko api. 26a, 13:04
Herenegun, apirilak 17, eman zuen Belen Uranga zumaiarrak hitzaldia Sindikatu Zaharrean.

"Hizkuntza batzuk egoera onuragarriekin erlazionatu izan dira; beste batzuk, berriz, marjinazioarekin" dio

Herenegun, apirilak 24, Sindikatu Zaharrean emandako hitzaldian munduko hizkuntzen egoera azaldu zuen

Munduan denera zenbat hizkuntza dauden zenbatzea oso zaila dela azaldu zuen Belen Urangak herenegun, apirilak 24, Sindikatu Zaharrean emandako hitzaldian. Unesco Etxean lan egiten du Urangak eta zumaiarra Hizkuntzen Amarauaren koordinatzailea da. Bere hitzetan 5.000-6.900 hizkuntza dago munduan baina oso zaila da zehatz jakitea. "Europako hizkuntzak ondo aztertuta daude, baina beste kontinenteetakoak ez hainbeste" dio.

Munduko hizkuntzen %82a 100.000 hiztun baino gutxiago dutenak dira. "Horietako batzuk handiak izan diren hizkuntzak dira eta, egun, galtzeko arriskuan direnak" azaldu zuen. Wurm autorearen adierazpena ekarri zuen gogora: Hizkuntza bat arriskuan dago umeek ez badute hizkuntza hori ikasten. "Hortik abiatuta, ikerketa lan batekin hasi ginen. Unescok eskatu eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu zuen eta inkesta moduan munduko hizkuntzak aztertu genituen". Hizkuntza komunitate ezberdinetan mila galdeketa inguru egin zituzten eta Urangaren arabera, galdetutako % 46,3ak galtzeko arriskuan ikusten du bere hizkuntza. "Galeraren eragile nagusiak eragile politikoak dira. Kolonizazioak Europako hizkuntzak mundu osoan nagusi izatea ekarri du. Hizkuntza batzuk egoera onuragarriekin erlazionatu izan dira; beste batzuk, berriz, marjinazioarekin. Beste eragile esanguratsuak dira joera demografikoak. Landa eremutik hirira egindako migrazioak izan dira, batez ere, hizkuntza asko galtzeko arriskuan jarri dutenak" azaldu zuen zumaiarrak.

Horren aurrean, erantzun garbirik ez dagoela aipatu bazuen ere, "gauza argia da aurreiritzi eta jarrerak aldatu egin behar ditugula, bai hizkuntza nagusietako hiztunek eta baita komunitateetakoenak ere". Izan ere, "hizkuntza aniztasuna eta kultura aniztasuna gizateriarentzako onuragarri dira eta horrela ikusi beharko lukete gobernuak, botere ekonomikoek eta baita hedabideek ere. Administrazioek hizkuntzen erabileran jagon eta bultzatu egin beharko lukete" aldarrikatu zuen Urangak.

Etorkizunari begira argi ilunak

Urangak azaldu zuen epe motzera hizkuntza asko eta asko galduko direla. "Hizkuntzen arteko hierarkizazioak jarraitu egiten du mundu osoan. Urbanizazio prozesua ere etenik gabe ari da gertatzen eta migrazio mugimendu horiek ere hizkuntzen galera dakarte" dio. Argitasunak ere atzeman ditu, hala ere, Urangak etorkizunari begira. "Internet aurrerapauso handiak ekartzen ari da hizkuntzei dagokionez. Internet oso ahozkoa da, galtzeko arriskuan diren hizkuntza askoren moduan" azaldu zuen.

Etorkinak

"Aliantzak bilatu beharra" azpimarratu zuen etorkinen aferari erreparatuta. "Etorkinak egoera gogorretatik datoz. Asko dira hizkuntza ugariren jakitun. Guk gure identitatea erakutsi behar diogu eta eurenarekin sentsibilizatu. Errespetua beharrezkoa da" esan zuen.