Arau Osagarriak behin betiko onartu ditu udalbatzak

Urola Kostako Hitza 2007ko api. 21a, 11:04
Corrugados Azpeitiaren lantegietako bat; enpresaren lantoki batzuk Lasaora eramango dituzte (E. Garcia Pascual).

Arau Osagarri hauen bidez kalifikatuta dauden lurrak erabiltzea lortuko da, lur berriak kalifikatzen hasi gabe

Corrugados Gallardoren labea herri erditik Lasaora eramango dute, gune horretan etxebizitzak eraikitzeko

Atzo agintaldi honetako azken udalbatzarra izan zen eta, bertan, Lurzoruen Planeamentuko Arau Osagarriak behin-betiko onartu zituzten, EAJ, PP eta PSE-EEren botuekin. EAk eta Habeak ez zituzten onartu.

EAk hasieratik eman die ezetza arau osagarri hauei, horiek aurrera ateratzeko prozesuan "alkateak erakutsitako presagatik". Izan ere, arau hauek, orain, Loiolabideko ezkerraldeko eremua eraikigarri izendatzen baitute, baina ez eskuinekoa. EAren iritziz, biak izan behar dute eraikigarri etxebizitza eskaerari aurre egiteko.

Habeakoek, aldiz, ez dute onartzen Loiolabide etxez betetzea, eta hau ahalbidetzen duten arauak edo plangintzak ez dituzte onartzen. Beraien ustez, hutsik dauden etxeak berrerabiliz eta babes ofizialeko 500 etxebizitza, Loiolatik kanpo, eraikiz erantzuten zaio etxebizitza eskaerari.

Arauen nondik-norakoak

Arau Osagarri hauen bidez kalifikatuta dauden lurrak erabiltzea lortuko da, lur berriak kalifikatzen hasi gabe. Era honetan, lehen etxeak zeuden edo industria zegoen lurrak, jada kalifikatutakoak, berrerabiliko dira eraikuntza berrietarako. Azpeitian etxeak egiteko aspalditik izendatuta dauden lurrak Agirre-Jakakoak (zezenplaza ondoan), Etxebeltz-Izarrakoak, San Migelekoak (Etxe Alai eta Arana Goikoa atzean eta ezkerrean), Soreasu eta Madalenakoak eta alde zaharreko hainbat kaletakoak dira.

Bestalde, Corrugados Gallardoren labea herri erditik Lasaora eramateko urratsak ematen ere hasi dira. Honela, herriguneko ingurumenari ere labea urrutiratzeak mesede egingo diola azpimarratu dute. Gainera, industri jardunerako izendatutako labearen lurretan etxeak eraikitzea posible dizango da arau berriekin. Labea Lasaora eramateko hartu-emanetan ari dira orain Azpeitiko Udala, Corrugados Gallardo, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Harreman hauen helburua sei edo zortzi urteren buruan labearen aldaketa gauzatu ahal izatea da.

Hemendik sei edo zortzi urtera agintari direnek erabaki beharko dute herria Loiolalderantz hazi behar ote den edo Corrugados Gallardoko labeak utzitako gunera hasi behar ote den. Azken aukera hori, beti ere, lurren kalifikazioa industria izaeratik bizitoki izaerara aldatu ostean egin beharko litzateke.

Julian Eizmendi alkateak nabarmendu duenez, plan honetan aurreikusten diren etxebizitzen %51,5 babestuak, babes ofizialekoak zein tasatuak, izango dira eta gainerako %48,5 libreak. Era honetan, herria alde guztietara hasiko dela azaldu du