Azpeitiak kutsadura arazoak dituela dio Europako Batasunak

Uztarria.eus 2007ko api. 17a, 14:04

Erakundeak onartutako kutsadura tasa gainditu egin zen herrian 2005ean

Lapatxeko zabortegiak onetsitakoa baino 14 aldiz metano gehiago isurtzen du

Europako Batasunak kutsaduraren prebentzioaren haritik, enpresen gaineko kontrolak abian jarri zituen. Eusko Jaurlaritzak, Eper erregistroaren bitartez, 2004an jakinarazi zituen Euskal Autonomi Erkidegoko enpresa kutsatzaileen datuak. Espainiako Ingurumen Ministerioak oraintxe kaleratu ditu Espainiako Estatuko enpresen datuak; haien artean, Hego Euskal Herrikoak. Datu horien arabera, 2005ean gainditu egin zen Azpeitian Europako Batasunak onartutako kutsadura.

EAEn 256 enpresa aztertu zituzten 2004an eta 115ek gainditu zuten Europak ezarritako muga. 2005eko azterketaren arabera, Azpeitiarekin batera gehitu dira Abanto, Getxo, Lemoa eta Zierbena (Bizkaia) eta Gasteiz ere. Europako Batasunak adostutakoaren arabera, herri horiek ere arazoak dituzte kutsadurarekin. Bost herriei bidali diete azterketa eta, orain, herri bakoitzak horri aurre egiteko plangintza jarri beharko dute abian.

Europako Batasunak 50 osagai kutsagarriren kontrola agintzen du. Hala-nola, karbono dioxidoa, karbono monoxidoa, bentzenoa, kloroa, beruna... Osagai horietako baten kutsadura muga gainditzen duten enpresa horiek 2007rako arteko epea dute arazoa zuzentzeko. Autoen erabilera eta industria dira osagai horiek isurtzen dituztenak.

Zabortegiaren kutsadura

Aipatutako Eper erregistroan hiri hondakinen kudeaketa ere aztertzen da eta neurtu egiten da zabortegiak sortutako kutsadura. Aztertutako gehienek gainditu dute Europak ezarritako kutsadura muga. Tartean da Azpeitiko zabortegia. Lapatxekoak onetsitakoa baino 14 aldiz metano gehiago isurtzen du.

Informazio gehiago: Berria.info