Joxe Agirre, 78 urte eta gazteen pare

Joxean Agirre ('Gaur8') 2007ko api. 16a, 15:04

Gaur8 astekariak erreportaia egin du azpeitiar bertsolariaz

Atzo (ostirala, hilak 13) bete zituen Joxe Agirrek 78 urte eta, agertokiaren gainean bederen, gazteen pare dabilela esan daiteke, gainetik ez badabil. Ez du, ordea, oso urte erosoa izan azkeneko hau. Orain urtebete, martxoaren 21ean, istripu gogor bat jasan zuen mendian eta hogei puntu eman zizkioten buruan eta denboraldia egin zuen lepokoarekin. Oraindik ere lepoa mugitzen duenean somatzen omen du min arrastoa. Istripu hori gaindituxea zuenean talka bat izan zuen autoarekin eta bi gidariak onik atera baziren ere, bere BMWa hondaturik geratu zen. Orain Audi Qattro batekin dabil hara eta hona. Semea lasterketako auto gidaria du eta hark aholku ematen dio auto kontuetan.

Bertsolaritza tradizionalak zituen ezaugarri guztiak biltzen ditu beragan eta horrek halako lilura bat sorrarazi du bertsolari gazte batzuengan. Bertsokera bizia du, sakean ona eta erantzuten azkarra, handiak entzun eta handiagoekin erantzuten dakiena, azkarra baina gauzak txukun esaten, arauak gordetzen, dakiena. Askok uste dutenez, berari kantuan entzutea Basarri aurreko garaietara itzultzea bezala da.

Urteko lagunarteko bazkaria egin zuten ostiral santuz Granada jatetxean, Basarriren jaiotetxean. Yurreba bi anaiak, Joxe Lizaso, Imanol Lazkano eta andrea eta beste zenbait bertsozale bildu ziren.

Astelehenean Zaldibian zen Jexux Mari Irazurekin bertsotan eta atzo, 78 urte egiten zituen egunean, Zumaiako jaialdian kantatu zuen.

Marka bat egin nahi

“Lehen baino gutxiago nabil, baina saio batzuk egiten ditut oraindik. Neguan zaila da asko ibiltzea. Punta-puntakoak dabiltza asko eta, ardi errausak bezala, atzera geratu garenok gutxiagorekin korformatu behar. Dena den, urteko leku jakin batzuk ditugu eta udan beti ere gehitu egiten da ibilia. Astelehenean ere Zaldibiako Saturdi auzoan nintzen Jexux Mari Irazurekin. Bertsolari gazteekin denekin ondo konpontzen naiz. Ez daukat inolako kexarik. Bertso martxa orain hasiko da, festak hasten direnean. Orain, gainera, hiru edo lau hilabete aurretik ematen dute abisua. Zizurkildik, esate baterako, Ama Birjinetan kantatzeko eskaera eman zidaten joan deneko batean eta esan ere egin nion ez nekiela bizirik izango nintzen edo ez”, hasi zen jardunean den bertsolaririk beteranoena.

Korrika eta aizkoran marka politak egindakoa da Agirre eta martxa honetan bertsotan ere markaren bat utz dezake. Bakarra dauka zaharragoa, Joxe Lizaso. Azpillaga sei urte gazteagoa da, Lopategi bost urte gazteagoa, Lazkano zazpi urte gazteagoa eta Etxeberria dago Agirre baino urtebete gutxiagorekin eta oraindik gordin. “Txirrita 76rekin hil zela uste dut eta Uztapide eta Basarri lehenago erretiratu ziren”, gogoratu zuen.

Ea jendearen txaloek pozik ematen zioten galdetu eta bere erara erantzun zuen. “Txaloak joz gero, bai. Astelehenean ere jende asko zen entzuten eta horrek beti ematen du poz pixka bat. Egun ederra pasatu genuen. Bazkal aurretik saio koxkor bat egin genuen. Etxe baten azpian 40 bat lagun bildu ginen bazkaritan eta beste hiru bat saio egingo genituen. Plazan egin genuen beste ekinaldi bat gero eta oso garaiz libratu ginen. Benta Handin utzia nuen kotxea. Nire hau handi samarra ere bada eta aparkatzeko trakets samar ibiltzen naiz. Irazurenean joan ginen eta bueltan trago bana egin eta sasoian etorri nintzen etxera. Ni barruko lanaren zalea naiz. Mahai baten bueltan errazago kantatzen dut jaialdietan baino, nahiz eta nekosoagoa izan”, esan zuen. Ea, edadea kontuan izanik, gazteek barkatzen dioten galdetzean, “igual barkatuko didate, baina ez naiz enteratu. Gazte jende ikusgarria dago bertsolaritzan. Jatorrak dira oso eta jatorrena txapelduna bera izango da, gizatasunean ere txapelduna baita. Niri ondokoa estutzea gustatzen zait. Fama hori beti izan dut eta hori galtzen badut, akabo”, erantzun zuen.

Etxean ganaduarekin jarraitzen du lanean. “32 buru badira eta zerbait laguntzen diot suhiari”, esan zuen. Zazpi biloba ere baditu, 7 eta 5 urteko neska-mutikoak ditu etxean. Bigarren alabak beste bi ditu eta semeak hiru. “Egun hauetan Parisen dira denak. Han umeentzako parke handiren bat egon behar du”, jarraitu zuen.

Belaunetatik makaldurik dabilela dio Joxe Agirrek. Bietan egin zizkioten ebakuntzak. Masaiak hartzera ere joaten da tarteka. Ea burua ez zaion makaltzen galdetu genion. “Hobetu ez behinik behin. Gauzak ahazten hasita nago, baina ezin naiz kexatu”, esan zuen.