EAE-ANVk lau boto Azpeitian

Uztarria.eus 2007ko api. 13a, 14:04

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako lege ordezkariak izendatu ditu

Azkeneko 30 urtean behin baino ez du hartu parte hauteskundeetan (1977an, Espainiakoetan) eta %0,07 lortu zuen Azpeitian

Atzo (osteguna) zarata handia izan zen alderdi politikoetan eta komunikabideetan: Eusko Abertzale Ekintza-Accion Nacionalista Vasca (EAE-ANV) euskal alderdi politiko historikoak maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako lege ordezkariak izendatu dituela jakin zen, eta asko hasi ziren esaten ezker abertzaleko zerrenda bera izango dela, Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) eta hautes elkarteak (herrian Azpeitiko Abertzale Sozialistak) Espainiako Justiziak legez kanpo utziko dituelakoan. Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak esan du ASB dela euren "apustua" eta, bide batez, hautes elkarteak hauteskundeetan izateko sinadurak biltzen ari direla.

Hipotesiak hipotesi, EAE-ANV Azpeitian frankismoaren ondoren bigarren aldiz aurkeztuko litzateke hauteskundeetan. 1930ean sortu zuten alderdia; EAJren joera kontserbadorearekin bat ez zetorren abertzale talde batek. Indar handiko alderdia izan zen Espainiako II. Errepublika garaian; besteak beste, hautetsiak lortu ohi zituelako. Frankismoaren ostean, 1977ko bozetan hartu zuen parte, Espainiako Kongresukoetan, ekainean.

Hego Euskal Herrian 6.435 boto baino ez zituen eskuratu (%0,64). Haietatik Azpeitian, lau (%0,07). 1978an Herri Batasuna koalizioaren sorreran hartu zuen parte, eta ordutik bere kabuz ez da izan hauteskundeetan.

1977ko emaitzak

Duela 30 urteko boz haietan Azpeitian hamalau alderdi lehiatu ziren. EAJ izan zen nagusi: 3.768 boto (%66,67). PSE izan zen bigarren indarra: 562 boto (%9,94).

EAJ-PNV (Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco): 3.768 boto (%66,67).
PSE-PSOE (Partido Socialista de Euskadi): 562 boto (%9,94).
GU (Guipuzcoa Unida): 410 boto (%7,25).
EE (Euskadiko Ezkerra): 300 boto (%5,31).
DIV (Democratas Independientes Vascos): 161 boto (%2,85).
ESB-PSV (Euskal Sozialista Biltzarrea-Partido Socialista Vasco): 132 boto (%2,34).
DCV (Democracia Cristiana Vasca): 130 boto (%2,3).
PCE-EPK (Partido Comunista de Euskadi-Euskadiko Partidu Komunista): 98 boto (%1,73).
FUT (Frente Unidad de los Trabajadores): 52 boto (%0,92).
PSP-US (Partido Socialista Popular-Unidad Socialista): 15 boto (%0,27).
FDI (Frente Democratico de Izquierdas): 5 boto (%0,09).
EAE-ANV (Eusko Abertzale Ekintza-Accion Nacionalista Vasca): 4 boto (%0,07).
AET (Agrupacion Electoral de Trabajadores): 2 boto (%0,04).
MFA (Montejurra-Federalismo-Autogestion): 0 boto (%0,0).

Azpeitian 1977. urteaz geroztik izan diren hautes emaitzak hemen