Julia Tercero izango da PPren zerrendaburua datozen udal hauteskundeetan

Uztarria.eus 2007ko api. 10a, 21:04
Julia Tercero bere hautagaitza aurkezteko Sindikatu Zaharrean emandako prentsaurrekoan, asteartean.

Aurreko hauteskundeetarako PPren zerrendaburua Francisco Javier Piñeiro izan zen, baina inoiz ez zen agertu udalbatzarrera

Tercerok ordezkatu zuen Piñeiro Azpeitiko Udalean eta 2004ko urtarrilean egin zuen zinegotzi karguaren zina

Julia Tercero izango da PPren zerrendaburua maiatzeko udal hauteskundeetan. Gaur egun zinegotzia da Azpeitian (Habea legez kanpo jo zuelako Espainiako Estatuak). Dena dela, ez zen bera izan PPren zerrendaburua 2003an, ezta zerrendako kide ere. PPren zerrendaburua 2003an Francisco Javier Piñeiro izan zen, baina inoiz ez zen azaldu udalbatzarrera, eta, lege bat baliatuz, Tercero sartu zen zinegotzi 2004ko urtarrilaren 8an.

Sindikatu Zaharrean izandako prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur (asteartea) haren hautagaitza. Bertan izan dira Regina Otaola Gipuzkoako Foru Aldundirako PPren hautagaia eta Pilar Elias PPren zinegotzia Azkoitian, besteak beste.

Tercerok adierazi du azken legealdian azpeitiarrek beregan izandako konfiantza eskertzen duela. Hark esandakoaren arabera, “guztiontzako askatasun maila bera” lortzeko borroka egingo du. Ildo horretan, “ahal izan dena” egin duela eta “oraindik ere gauza asko” geratzen zaiola egiteko erantsi du.

Datorren legealdiari begira adierazi duenez, "gazteleraz ikasteko aukera bermatu" beharko litzateke Azpeitian. Terceroren ustez, “herrira etortzen diren etorkinei aukera eman behar zaie nahi badute gazteleraz ikasteko”.

Familia sustatu nahi du PPko zinegotziak. Ildo horretan, helburu hori lortzera bideratutako neurri bat proposatu du: txeke familiarra. Neurri horren bitartez, 100 euro emango litzaizkioke familia bakoitzari gastu desberdinei aurre egiteko.

Giza mailako neurriei dagokionez, Menpekotasun Legea garatu eta Eguneko Zentroetako plazak gehitzeko proposamena egin du Tercerok. Etxebizitza politikari dagokionez, berriz, babes ofizialeko etxebizitzak alokatzearen alde agertu da.

Urola bailaran zainketa aringarrien unitatea eratzea ere proposatu du. Haren ustez, “oso garrantzitsua da minbizia duten eta hiltzear dauden pertsonek euren etxeetan egoteko aukera izatea”.