VIII. Gazte Astea martxan da Zapo Txokon

Uztarria.eus 2007ko api. 10a, 11:04

Futbito txapelketa izango da goizean, eta Nuarbera joango dira bizikletaz, arratsaldean

Larunbata bitartean hainbat ekintza egingo dituzte

Gaur, asteartea, hasiko dute Zapo Txoko gaztelekuan Gazte Astea. Zortzigarren edizioa du aurtengo Gazte Asteak eta antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, izen emate handiarekin dator.

Futbito txapelketak emango dio hasiera asteari. 24 taldek hartuko dute parte eta kiroldegian jokatuko da, 10:00etatik 13:00etara. Antolatzaileek jarritako baldintza da, bai futbol txapelketan eta baita ostiralean egingo den saskibaloi txapelketan taldeek neska-mutilez osatuta egon beharko dute eta jokoan ere neska eta mutilen kopurua ere parekatua izatea beharrezkoa da. Arratsaldean, berriz, asteartean hau ere, Nuarbera ekingo diote gazteek bizikletaz. 16:00etan izango da ibilaldiaren irteera.

Asteazkenean ekingo diote futbito txapelketaren bigarren saioari. Berriro ere, 10:00etatik 13:00etara izango da, kiroldegian. Egun berean, 16:00etan patata tortilla lehiaketa egingo dute Udaletxeko arkupetan. Iazko Gazte Astean egin zuten aurrenekoz patata tortilla lehiaketa eta izandako arrakasta ikusita aurten ere antolatu dute. Antolatzaileek azaldu dute 34 taldek eman dutela izena lehiaketan parte hartzeko.

Lekunberrira egingo dute ibilaldia ostegunean, egun osoz. Lekunberriko Beigorri abentura parkera joango dira.

Ostiralean saskibaloiko 3x3 txapelketa jokatuko dute, goiz partean izango da, hori ere kiroldegian. Bost edo 6 lagunez osatutako 19 talde ariko dira elkarren aurka. Arratsaldean mus txapelketa egongo daZapo Txokon bertan. Aurreneko aldia da Gazte Astearen barruan mus txapelketa antolatzen dutela. Dena dela, 15 bikotek izena emana dute.

Larunbata izango da aurtengo Gazte Astearen azkeneko eguna. Larunbatean bertan egingo dira txapelketen sari banaketak eta afari meriendarekin agurtuko dute Gazte Astea hurrengo urtera arte.

Ludoteketan ere ekintzak

Asteartetik ostiralera bitarte Iturritxiki ludoteketan ere hainbat ekintza antolatu dituzte haurren oporraldirako. Antolatzaileek aipatu dute "iaz baino jende gehiagok" izena eman duela. Arratsaldez izango dira ludoteketeako ekintzak, 16:00etatik 19:00etara eta honakoak izango dira: gin-kana, Urrestillara bizikletaz irteera eta herri kirolak, besteen artean. Ostegunean, berriz, egun osoko ibilaldia egingo dute Txiki Park eta Kristina Enea parkera. Ostiralean ikus entzunezko batekin eta meriendarekin bukaera emango diote oporraldiari.

Ikastaroak

Hil honetan bertan abian jarriko dituzte Zapo Txokon gazteentzako hainbat ikastaro. Sukaldaritza, bisuteria, taichi, lerrokako patinak, makillajea eta azalaren zainketa, capoeira ikastaroak apirilaren erdi aldetik aurrera hasiko dira.