Aurten kulturgunearen kanpoaldea bakarrik egingo dute

Urola Kostako Hitza 2007ko api. 1a, 11:04

Udalbatza osatzen duten alderdi guztietako ordezkariak izan ziren

Basazabalen erosketaz eta Ibarretxeren auzipetzeaz ere aritu ziren

(Urola Kostako Hitza)

Udalbatzarra izan zen joan den ostegunean udaletxean. Bertan Udalbatza osatzen duten alderdi guztietako ordezkariak izan ziren, eta landutako gaietan hiru ardatz nagusi izan zituzten.

Soreasuko kulturgunea

Soreasuko kulturgunearen gaiarekin heldu zitzaion batzarrari. Julian Eizmendi alkateak Soreasuko kulturgunea egiteko lehen deialdia hutsik geratu zela gogoratu zuen; baita bigarrena deitu aurretik zenbait baldintza aldatu zituela batzordeak ere. Aldatu diren baldintza hauek eraikinaren edukiari eragingo diote eta ez gorpuzkera edo kanpoko formari. Era honetan, 2007an edukia eta gorpuzkera biak egitea aurreikusten zen arren, aurten kanpoaldea bakarrik egingo da, edukiari dagokiona, datorren urterako utziz. Gainera, hasierako aurrekontua %15 igo dute.

Habeak, aldaketa hauen aurrean, kulturgunea eraikitzeko baldintzak zehaztu zirenean aldaezinak zirela esan zutela gogoratu zien batzarkideei, eta orain aldatzearen koherentzia eza kritikatu.

EAkoek proiektua azpian ur potzuak aurkitu izanak garestitu duela argitu zuten; alkateak, bere aldetik, lehiaketak askotan geratzen direla hutsik esanez argitu zuen erabakia.

Habeak Udalak kultur taldeekin ekonomia eta beteko dituen funtzioei begira adostasunik ez duela lortu gogoratu zuen; EAJkoek horren aurrenan, adostasunak ere egon direla aipatu zuten.

Bestalde, martxoaren 28an bukatu zen Soreasuko kulturgunea egiteko lehiaketara aurkezteko epea, eta datorren astean emango dituzte datu ofizialak. Julian Eizmendik aipatu zuenez, oraingoan hiru aukeztu dira. Bigarren deialdia, beraz, ez da hutsik geratu.

Basazabalen erosketa

Bestalde, alkateak Basazabal 10 urtetan ordaintzea proposatu zuen eta Habeakoek ez beste batzordekideek onartu zuten. Habeakoek hotelaren funtzioa argi ez dutela ikusten azaldu zuten, hotelaren kudeatzaileekin Azpeitiko "lehen alokairu soziala" probatuko zela nabarmenduz. EAJkoek, horren aurrean, kultur azpiegiturak Soreasu eta San Agustinekin asebetetzen direla erantzun zuten. Merkataritza eta Hirigintza Komisioarekin hitz egin ostean, irtenbide egokiena hotela egitea dela erabaki zutela azaldu zuten, gainera.

Ibarretxeren epaiketa

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxere eta herri ordezkarien aurka irekitako zigor kasu arrazoigabea ixtea exijitzen duen mozioa onartu zen. PSE-EEko Manoli Uranga eta PPko Julia Terceros abstenitu egin ziren. Habeako kideek epaiketa honen muinean PP eta PSOEren Alderdien Legea dagoela, eta lege hori berehala bertan behaera uzteko eskatu zuten.

Bestalde, Hotel Izarrakoek Etxebeltz-Izarra egitasmoaren aurka helegitea sartu zutela-eta, udalbatzarrak ez zuen onartu horren aurrean beste helegite bat aurkeztea.