Udaberriarekin liburuen loratzea

Uztarria.eus 2007ko mar. 30a, 14:03

Udaberriko liburuen artean azpeitiarren lanak ere badira

Euskaraz idatzi dituzte euren liburuak

Apirilaren 23an ospatuko da Liburuaren Nazioarteko eguna. Data esanguratsua izan ohi da euskarazko liburuen argitalpenentzat. Argitaletxeek Durangoko azokaren nagiak atera eta liburuak ekoizten hasteko unea da, udaberriak markatzen duen legez. Aurtengo udaberriko liburuen artean azpeitiarrenak ere badaude, besteen artean.

Alaitz Olaizola, Miel Anjel Elustondo eta Jose Miguel Esnaola dira azpeitiar liburu egileak. Aitor Arana legazpiarra da izatez baina Azpeitian bizi da. Euskaraz idatzi dute laurek eta gaia kaskotarikoak izan dira: antzerkia, erlijioa, kazetaritza eta haur eta gazte literatura.

Alaitz Olaizolak abileziaz egiten dakiena praktikan jarri du; antzerkia idatzi du. Joanes, itxaropenaren semea da Olaizolak idatzitako liburua eta BBK-Euskaltzaindiak argitaratu du. Hainbat antzerki obra idatzi ditu Olaizolak: Autobusaren zain (2005 Erein), Txiukue (2005 Erein) eta kritika bikainak jasotako Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin (2002 Euskaltzaindia BBK), besteak beste.

'Western Basque Festival – 1959' da Miel Anjel Elustondo azpeitiar kazetariaren saiakera. 1959. urtean ospatu zen Renon (Ameriketako Estatu Batuak) euskal musika, kirola eta dantzak biltzen zituen jaialdia. Festaren helburua Estatu Batuetako mendebaldean bizi ziren euskaldun guztiak biltzea izan zen. Jaialdia gaitzat hartuta osatu su Elustondok bere lana eta Susa argitaletxeak plazaratu du. Uztarriaren kolaboratzailea izan da Elustondo.

Jose Miguel Esnaolak idatzi du Arantzazuko Andre Maria Potosi hirian erlijio liburua. Anastasio Esnaola zenaren anaia da Jose Miguel eta Potosi hirian (Bolivia) Arantzazuko Andre Mariak izandako historia ezagutarazi du bere liburuan. Hego Ameriketako hainbat herritan bizi izandakoa da Esnaola.

Laugarren idazlea ez da azpeitiarra izatez. Legazpiarra da jaiotzez baina Azpeitian bizi da aspaldian. Aitor Aranak bi lan egin ditu udaberrirako, biak haur eta gazte literatura generoan: Lagun berezi bat da, bata, eta Printzesa politaren sekretua da, bestea. Bi liburuak Ibaizabal argitaletxearen bidez plazaratu ditu. Euskal literaturari ekarpen oparoa egin izan dio Aranak, horren adierazle da argitaratutako obren zerrenda oparoa.