San Agustingo lanak gaur hasiko dituzte

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 28a, 12:03
Udaletxeko eraikinaren baitan dago San Agustin eliza.

Altuna y Uria-ri eman diote kultur ekitaldietarako aretoa egiteko ardura

San Agustinen egingo duten kultur aretoak auditoria txiki bat ere izango duela azaldu dute

(Urola Kostako Hitza)

San Agustin elizan aste honetan hasiko dira antzerkirako eta kultur ekitaldietarako aretoa egiteko lanak. Horiek egiteko ardura Altuna y Uriari esleitu diote eta, Udaletik jakinarazi dutenez, gaur hasiko dira kultur aretoko eraikuntza lanak; auditorio txiki bat ere izango du.

Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak atera zituen obrak lehiaketara 2006ko azaroan. San Agustin eliza eraberritzeko bigarren faseko lanak izango dira hauek; eraikinaren barrualdea eraberritzeko lanak, hain zuzen ere. Lehenengo fasean teilatuan eta udaletxearen goiko solairuetan egin zituzten lanak. Lehen obra horiek Azpeitiko Udalak ordaindu zituen.

San Agustinen antzerkirako eta kultur ekitaldietarako aretoa egiteko 1.836.891 euroko aurrekontua jarri du Espainiako Gobernuak. Lehiaketara aurkeztu ziren eskaintzak abenduaren 28an ireki zituzten. Baldintzetan adierazten denez, San Agustin auditorio bihurtzeko lanak urtebeteko epean bukatu beharko dira.

Duela sei urte erabaki zen

Urriko udalbatzarrean Azpeitiko Udalaren eta Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioaren artean San Agustineko kultur aretoaren inguruan protokoloa sinatzea erabaki zuten udaleko ordezkariek. Orduan, Julian Eizmendik, alkateak, San Agustinerako proiektua orain dela sei urte egin zela azaldu zuen.

Espainiako Gobernuak orain dela urte batzuk agindu zion Azpeitiko Udalari San Agustinen ikus-entzunezko ekitaldietarako aretoa egiteko dirua emango zuela. San Agustinen obrak orain dela zazpi urte hasi ziren. Ordu arte Antxieta Antzerki Taldeak hantxe egiten zituen entseguak, baina obrak hastean utzi egin behar izan zuten. Ordudanik Udal biltoki izan da San Agustin eliza.

(Albiste zaharragoak)