Nuarbeko urtegia %100ean dago beteta

Uztarria.eus 2007ko mar. 26a, 14:03
Urak hartu du pasealeku berria egiten ari diren bide zati bat.

Segundoko lau mila litro ur husten ari dira; urte hasieran urtegia %36an zegoen

Urak hartu du urtegia oinez inguratzeko egiten ari diren bide zati bat

Azken egunetako euri eta elurrek eragina izan dute Nuarben Ibai Eder urtegian. Izan ere, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren gaurko (astelehena) datuen arabera, %100ean dago beteta urtegia. Hiru hilabete eskas igaro dira urtegia behin ere baino baxuago zegoenetik, %36an zegoelako urtarrilean. Otsailean egindako euriteei esker, %58,2 betetzera iritsi zen eta martxoaren bukaeran guztiz bete da urtegia.

Mikel Zubizarreta Gipuzkoako urak-eko lankideak uztarria.com-i azaldu duenez, "urtegia husten" hasi dira, "lau mila litro segundoko". Presak izan beharko lukeen kotara iristeko urtegiaren ur maila, gutxi gorabehera, "bi metro jaitsi beharko" dela dio Zubizarretak. Urtegiaren hormako azpialdean dagoen bi balbuletako bat irekita lortzen dute uraren maila jaistea eta horretan dihardute.

Inguruko beste hainbat faktore aztertzen dituzte urtegiko langileek. "Goiko errekak, Matxinbentakoa esaterako, zein egoeratan dauden aztertzen dugu. Nuarbetik Azpeitirantz ateratzen den erreka ere aztertzen dugu, presaren balbula zenbateraino ireki jakiteko".

Nuarbeko urtegiak Azpeitia ez ezik, Azkoitia, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio herriak hornitzen ditu. Hau da, 65.308 biztanle. Denera 11,3 hektometro kubikoko edukiera du.

Urak hartuta bidea

Nuarbeko urtegia inguratuko duen oinezkoentzako pasealekua luzatzen ari dira egunotan urtegi inguruan. Egindako elur eta euriteak direla-eta, urak hartu du bide horren zati bat. Pasealekua egiten ari diren kamioiek obrara sartu eta irteteko bidea da urak hartu duena.