Proposamen "baketsua" egin du EAk Loiola etorbiderako

Uztarria.eus 2007ko mar. 25a, 12:03
Loiola inguruan etxeak egiteko lanak hasi dituzte.

.10-15 urteko epean eta faseka 1.000 etxebizitza egitea proposatzen dute

Udalaren proposamenaren bideragarritasuna kolokan dagoela azaldu dute

(Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Eusko Alkartasunak Loiola etorbidea hiritartzeko proposamen berria aurkeztu du, eta etxez etxe banatuko dituen eskuorrietan azalduko die herritarrei.

EAko Manuel Unanuek adierazi duenez, "Udalak onartutako eta abiatutako plangintzak 320 etxebizitza bakarrik eskaintzen ditu: 208 babestutakoak eta 112 libreak. Loiola etorbideko alde bakar bat hartzen du aintzat, eta ez die erantzuten azpeitiarrek dituzten beharrei. Gure proposamenarekin, berriz, Etxebideri egindako 400dik gorako eskaerei erantzungo diogu. 1.000 etxebizitza eraikitzea proposatzen dugu. Ekimen hau, bere osotasunean, 10-15 urteko epean egingo litzateke, faseka".

EAko zinegotziak azaldu duenez, Udalaren proposamenaren bideragarritasuna "kolokan dago, oraindik epaitegiak erantzun behar baitie jarritako helegiteei".

EAren proposamena "baketsua" dela gaineratu du Unanuek, eta "inoren aurkakoa ez doala" ere esan du. Loiolako etorbideko bi aldeak elkartzen dira EAren egitasmoan, "antolakuntza arrazionalagoa" lortzeko asmoz. Kalitatea bermatzeko, jabetza "sistema kooperatiboa" bultzatuko du EAk.