Ezker abertzaleak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia salatu du

Uztarria.eus 2007ko mar. 22a, 13:03
Herriko hainbat eragilerekin batera agertu zen ezker abertzalea.

Udaleko legegintzaldiak euskara arloan "egiteko asko utzi" duela azaldu dute

Hala ere, elementu positiboak ere izan direla diote, horien artean, udal ordenantza

Azpeitiko ezker abertzaleak prentsaurreko bidez salatu egin du Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen udal ordenantza baliogabetzea. Ezker Abertzalearen ustetan, "epaiak aho batez onartutako erabaki bat atzera bota du, batetik, eta euskararen normalizazioan atzera pausoa egin du, bestetik". Ordenantza euskara normalizatzeko "tresna egokia" dela aldarrikatu dute eta azken muturreraino eramatea "beharrezkoa" dela. "Epai honek garbi erakusten digu gaur egungo markoak espainiera lehenesten duela" salatu dute prentsaurrekoan bildutakoek. Horren aurrean, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dituen "marko demokratiko berri baten beharra" azaldu dute.

Bestalde, bukatzear den legegintzaldiari dagokionez, 2001. urtean Kontseiluaren Herriak Euskalduntzeko Plangintza albo batera utzi izana salatu du ezker abertzaleak. Horren ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko planari heldu zion Udalak eta aho batez onartu zen Udalean. Ezker abertzaleak jakinarazi du beti izan dela "kritikoa Euskara Biziberritzeko planari dagokionean". Alde batetik, planak ezartzen duen "marko zatikatzailea gainditu beharra" azaldu dute. "Planak Euskal Autonomi Erkidegorako balio du soilik. Badira, hala ere, marko zatikatzaile hori ezarri gabe sortutako egitasmoak, Kontseiluaren Bai Euskarari ziurtagiria, kasu". Beste aldetik, "instituzioetatik abiatutako plana" dela azaldu dute eta horrek "gizarte eragileak baztertuta" uzten dituela. Udaleko legegintzaldiak euskara arloan "egiteko asko" utzi duela salatu dute.

Udalak euskara biziberritzeko bi lerro nagusi markatu izan ditu. Ezker Abertzaleak adierazi duenez "inbertsio handia" egin du Udalak bi alor horiek euskalduntzeko. Halaz ere, salatu dute, oraindik, Udalean "dokumentu asko gazteleraz" ekoizten dela eta bi enpresa bakarrik murgildu direla euskara biziberritzeko planean.

Baita ere, "azpeitiarron %90ak euskara ezagutzen dugula jakinda Kontseiluaren Udaletako neurketaren arabera, argi ikusten da Azpeitiko Udalak euskara ez duela lehenesten". Kontseiluaren arabera, euskara lehenetsia izateko portzentajeak 7 baino altuagoa izan beharko luke, eta Azpeitiaren kasuan, -Udalerrien artean puntuazio handiena jaso badu ere- portzentajea ez da 7 iristen.

Datorren legegintzaldiari begira, beharrezkoa ikusi dute "normalizazio plan hauetarako herritarren parte hartzea bermatzea, elkarlana ziurtatzea, epeak markatzea, helburuak eta lehentasunak guztion artean erabakitzea, bitartekoak jartzea eta ibilbide horri jarraipen zuzen bat egitea".

Bide batez, dei egin dute aste honetan euskararen gaiarekin lotutako bi ekintzetan parte hartzera. EHEk deituta ostiral arratsaldean Azpeitiko plazan 7,30etan kontzentrazioa egingo da azken epaia salatzeko eta AEK-k antolatutako Korrika 15 larunbat gauean pasatuko da Azpeititik.