Udalak Basazabal erosiko du bertan hotela egiteko

Uztarria.eus 2007ko mar. 22a, 11:03
Lehen, kultur etxea irekitzeko asmoa zen Basazabalen.

Bihar egingo dute erosketa, Azpeitiko notaritza aurrean

Hasiera batean, kultur etxea irekitzeko asmoa zen Basazabalen

Udalak Eusko Jaurlaritzari Basazabal erosiko dio eraikina hotel bihurtzeko. Bihar egingo da salerosketa Azpeitiko notarioan 13:00ean.

Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, "legegintzaldi honetan saiakera ugari egin da herrian dauden behar soziokulturalei erantzuna emateko. Aztertzen aritu ostean, behar horiei Soreasun egingo den kultur guneak erantzungo diela ikusi dugu, eta, beraz, Basazabalen hotela egitea erabaki dugu".

Eraikinak kafetegia izango du beheko solairuan eta horrek alde zaharreko Enparan kalea "biziberritzen lagunduko" du. "Basazabalek izango duen kafetegia, batetik eta, bestalde, herriko eraikin zaharrenetakoa erabilgarri jartzea dira hirigune historikoa biziberritzen lagunduko duten bi faktoreak" gaineratu dute Udaleko agintariek.

.229.000 euro ordaindu beharko ditu Udalak Basazabal erosi ahal izateko. Prezioaren %20a bihar bertan abonatuko du Udalak eta gainontzekoa datozen hamar urtetan joango da ordaintzen.

Lehen, kultur etxea irekitzeko asmoa

Basazabalen lehen, kultur etxea egiteko asmoa egon izan da. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 1984-1987ko Kultur Ekipamenduen Programa-ren arabera, Azpeitian Basazabal Jauregian kultur etxea irekiko zen, herrian sakabanatuta zeuden kultur taldeak bertan biltzeko eta haien artean elkarlana bilatzeko horrela. Azpeitiko Udalak onartu egin zuen herrian kultur etxea zabaltzeko proiektua.

Egitasmoak 69 milioi pezetako aurrekontua zeukan, eta obrako eta beste gastu guztiak erakunde publikoen kontu joango ziren. Foru Aldundiak 26 milioi pezetako diru laguntza eman zion Azpeitiko Udalari.

Udalak 1986an Basazabalen kultur etxea zabaltzea aurreikusi zuen. Foru Aldundiaren diru laguntza guztia gastatu zuen eraikuntza eraberritzen. Urte haietan beste 50 milioi pezeta xahutu ziren Basazabalen, baina ez behar bezainbeste eta ez zen ireki kultur etxea.

Diputazioaren proiektua ia herri guztietan gauzatu zen (herri batzuetan aurretik bazegoen kutur etxerik), eta Azpeitia izan zen, herri txiki-txikiak kontuan hartu gabe, kulktur etxerik gabe segitu zuen bakarra.

Gaiak 1999an irten zuen berriro mahai gainera. Uztarria Kultur Koordinakundeak urte hartako martxoaren 20an kultur azpiegiturei buruzko txostena aurkeztu zuen. Txostenean, besteak beste, herrian kultur etxearen "beharra" azpimarratzen zuen, eta proposamen zehatza ere egin zuen: Basazabalen kultur etxea irekitzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 1984-1987ko Kultur Ekipamenduen Programa-k zekarrena jasoz. Basazabalek probetxuko 1.026 metro koadro dituela gogoratu zuen Uztarriak, lau solairutan banatuta.

Kultur koordinadorak kultur etxearen izaera eta funtzionamendua ere proposatu zituen Uztarriak.

Udala, urte berean, berriro hasi zen aurrekontuetan Basazabalen eraberritzean gastatzeko diru multzoa jartzen. 1999an, 25 milioi pezeta. Udalaren konpromisoa: Basazabaleko eraikuntza historikoan obrak egin eta kulturarako erabiltzea, eta erabilpena eta izaera nolakoa izango zen erabakitzean, taldeekin hitz egitea. 1999an, ordea, ez zuen batere gastatu. 2000ko aurrekontuetan, beste bost milioi pezeta jarri zituen horretarako Udalak. Baina 2001ean, 30 milioiak kendu eta bost besterik ez ziren zuzendu Basazabalerako.

IKEIk enpresak 2000ko martxoan, Udalak eskatuta, behar eta kultur azpiegituren azterketa egin zuen. "Azpeitiko mugimendu kulturalaren eskari nagusia" kultur etxea zela ondorioztatu zuen. Hala, Udala herriko taldeak Basazabalera eramaten hasi zen bisitak egitera, ikustera.

Baina Basazabaleko proiektua bertan behera utzi zuen Udalak. Eraikina ez omen zen aproposa talde asko-eta hartzeko. 2004an Soreasu —hiru urte lehenago erosi zuen— "kultura, gazte eta antzoki gune" egiteko proiektua aurkeztu zuen.