Argazki kamerak prestatzen

Uztarria.eus 2007ko mar. 20a, 13:03

Apirilaren 1ean izango da XXX. Argazki rallya

Aurten kamera digitalez atera beharko dira argazkiak

Urtez urte egin izan den Argazki Rallyrako bi aste eskas gelditzen direla, aurtengo lehiaketako oinarriak azaldu dituzte Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek. 30. edizioa da aurtengoa eta apirilaren 1ean egingo da. Urola Bailarako argazkilariak jasoko ditu argazki rallyak eta aurten berrikuntzekin dator: kamera digitalarekin aterako dira argazkiak.

Parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharko du. Izen ematea, argazki rallyko egunean bertan izango da. Azpeitiko Argazki Elkarteak Perez Arregi 1ean (Telefonika Zaharrean) egingo da, goizeko 9:00etatik 9:30era. Izen ematearen ordainetan nagusiek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta hamasei urtetik beherakoek, berriz, 2 euro. Parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa izango dela jakinarazi dute Argazki Elkartekoek eta Rallyaren ondoren egingo den bazkarirako gonbita ere luzatuko diete.

Argazki Rallyak sei gai izango ditu oinarrian eta irteeran ezagutaraziko zaizkie gaiok parte hartzaileei. Ibilbidea Azpeitia hiribarnean eta auzoetan egingo da eta, beraz, Azpeitira ekarri beharko dituzte argazkilariek agindutako gaiak. Bestalde, partaide bakoitzak hutsik dagoen memoria txartela eraman beharko du eta argazkiak erresoluzio onenean atera beharko ditu, JPG formatuan.

Rallya 14:00etan bukatuko da. Argazki Elkartearen egoitzan bertan deskargatuko dira memoria txartelak, baina horretaz aparte, partaideek gai bakoitzeko nahi duten argazkia aukeratu ahal izango dute. Horretarako, apirilaren 18a baino lehen posta elektronikoz Argazki Elkartekoei jakinarazi beharko die (azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com).

Hiru sari nagusi banatuko dituzte bai nagusietan eta baita gaztetxoetan ere. Nagusiei dagokionez, 120 euro eta Azpeitiko Eskudela jasoko ditu epaileen ustez bilduma onena egiten duenak; 90 euro eta garaikurra bigarrenak; eta 60 euro eta garaikurra izango dira hirugarrenarentzako. Hiru sari nagusi horiez gain beste hiru sari berezi banatuko dira: rallyko argazki onenari, fototeka argazki onenari eta herriko lehen sailkatu ez sarituari. 16 urtez beherakoetan hiru bilduma onenei garaikur bana emango zaie.