Hamaika Taldeak hitzarmena sinatu du Urola Kostako Komunikabideekin, eskualdean telebista sortzeko

Uztarria.eus 2007ko mar. 19a, 15:03

Zarautz Telebista izan dena da Urola Kostako Komunikabideak

Euskarazko kate digitala lortzeko eskaera egingo dute Eusko Jaurlaritzan laster

Urola Kostan euskarazko telebista sortzeko asmoz, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak hitzarmena sinadu du Urola Kostako Komunikabideak enpresarekin (Zarautz Telebista izan denarekin) eta gaur eman dute akordioaren berri, Bilbon.

Harekin ez ezik, Goiena (Debagoiena), Tolosaldeko Komunikabideak, Goierri Ikuskari eta Oizmendi Telebistarekin (Lea-Artibai Busturialdea) ere sinatu du hitzarmena. Hamaika Taldeak enpresa horietako bakoitzean parte izango du (%5).

Orain, lurreko telebista digitala lortzeko eskaera egingo dute Eusko Jaurlaritzan. Hain zuzen, ostiralean hasiko du Jaurlaritzak lizentziak esleitzeko prozesua. EAEn hamabost eremu finkatu ditu —horietako bat Urola Kosta da— eta bakoitzean lau lizentzia banatuko ditu.

Irailean aurkeztu zuten Hamaika Taldea, eskualdeetan euskarazko telebistak sortzeko eta bultzatzeko helburuarekin. EKT (Berria egunkariaren jabea eta Hitza egunkarietako bazkideetakoa), CMNT (Deia eta Noticias taldea), EKHE taldea (Gara eta Euskal Herriko kazeta egunkariak), Euskaltel, Elkar argitaletxe eta banatzailea, eta Bainet ekoiztetxea elkartu dira. EKTk, CMNTk, EKHEk eta Euskaltelek enpresaren jabetzaren %20na dute, eta Elkarrek eta Bainetek %10na.