Trikiti doinuek alaituko dute asteburua

Uztarria.eus 2007ko mar. 16a, 15:03
Mikel Gorrotxategi, Mikel Ibarzabal, Alaitz Telletxea, Aitor Gorrotxategi eta Mikel Markez trikiti jaialdiko kartela eskuetan dutela.

Igandean, martxoak 18, izango da San Josetako trikiti jaialdia Izarraitz pilotalekuan

Udalak Luis Alberdi Beltza omenduko du

Urtero legez, aurten ere antolatu dute San Josetako Trikiti Jaialdia. Igandean, martxoak 18, izango da eta aurten, lehenengo aldiz, Izarraitz pilotalekuan egingo dute. Hala adierazi dute gaur Udaletxean egin duten aurkezpen ekitaldian. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea eta Azpeitiko Udala izan dira ekimenaren antolatzaileak. Mikel Markez Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideak azaldu du "leku aldaketa ona" izan dela: bai soinu aldetik eta pilotalekua kaletik gertuago ere badagoelako.

"Aurtengo trikiti jaialdian, bereziki, soinu txikia eta beste instrumentu batzuk uztartu nahi izan dira. Horrela, bikote, hirukote edo laukote bakoitzaren eskutik, sinu txikia beste instrumentu baten laguntzarekin entzun ahalko da" azaldu du Mikel Gorrotxategi jaialdiaren antolatzaileetako batek. Iker Goenaga eta Beñat Barandiaran, Imuntzo eta Beloki, Lurdes eta Aitor Alkorta, Epelde, Montte eta Iturbide… izango dira, besteak beste, trikitixa jaialdian parte hartuko dutenak. "Gustura gaude antolatutako programarekin eta guztiak gonbidatuta daude jaialdian parte hartzera" dio Gorrotxategik.

Bestalde, Markezek gaineratu du jaialdirako txartelak Pastorkua, Meola, Martitte, Polikiroldegiko tabernan eta Aisterrazun egongo direla. Hala ere, jaialdiko egunean bertan ere erosi ahal izango dira. Takilan egongo dira salgai 16:30etatik hasita.

Bidaia baten hasiera

"Horrelako jaialdi baten tradizioa ez zela hiltzen utzi behar ikusi genuen eta Azpeitiko Udalarekin jarri ginen harremanetan" azaldu du Markezek. "Zita garrantzitsua dela uste dugu eta jaialdiari bultzada berri bat ematea beharrezkoa ikusi dugu. Hortaz, leku aldaketa eta filosofia aldaketa berriarekin, aurtengo jaialdia bidaia baten hasiera dela esan genezake" dio. Alaitz Telletxea Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak gaineratu du, "hasierari jarraipena ematea beharrezkoa eta posible da, jendea gogoz eta ilusioz baitago".

Udalak Luis Alberdi Beltza omenduko du

Udalak aurten ere azpeitiar bat omendu nahi izan du. "Urte askoan trikiti munduan egindako lana errekonozitu asmoz, Luis Alberdi Beltza omenduko dugu igandeko jaialdian" azaldu du Aitor Gorrotxategi Kultura batzordeburuak.