Urrestillako Altuna eremuan etxebizitzak eraikiko dituzte

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 13a, 13:03
Urrestillan etxeak egin behar dituzten eremua, Ibaiederren eta errepidearen artean.

Guztira 24 etxebizitza egingo dituzte

Bestalde, Etxebeltz-Izarra etxeen inguruan argibideak eman ditu Udalak

(Urola Kostako Hitza)

Urrestillako Altuna eremuan 24 etxebizitza egingo dituzte. Horietako 21 hiru solairuko hiru bloketan banatuko dira eta beste hirurak, berriz, familia bakarrekoak izango dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketarako eta Sustapenerako departamenduak jakinarazi duenez, etxebizitza hauek eraikitzen hasteko baimena Foru Aldundiak hirigintzako aldaketa onartu ondoren dator. Arauen aldaketak 10.150 metro koadroko eremuan eragiten du, Urrestillako hirigunean, Ibaieder ibaiaren eta GI-2635 Azpeitia-Beasain errepidearen artean dagoen lursailean.

Altuna izena duen eremuan bi esparru zehazten ditu Azpeitiko Udalak eginiko txostenak. Lehenengoak Hiri Antolaketako Arauen proposamenean aztertutakoa jasotzen du; hau da, hiru lur zati zehaztea familia bakarreko hiru etxebizitza eraikitzeko. Bigarren esparruak, aldiz, Urrestillako hirigunetik Ibaieder ibairaino doan 3.544 metro koadroko lursaila hartzen du gainerako 21 etxebizitzak egiteko. 21 etxebizitza hauek, esan bezala, hiru solairuko hiru bloketan banatuko dira.

Toki libreei dagokienean, dokumentuan zehazten denez 560 metro koadroko lur eremua kalifikatu dute, hiriguneko ustiapena handitzearen ondorioz sortu den biztanle dentsitatearen igoerari aurre egin asmoz. Hori bai, Gipuzkoako Foru Aldundiak baimena emateko, behar-beharrezkoa da eraikinak uholdeak izateko arriskurik ez dagoen leku batean egitea.

Argibideak Etxebeltzi buruz

Azpeitiko Udaletik argibide bat eman nahi izan dute Etxebeltz-Izarran egingo diren babes ofizialeko etxebizitzetan izena emateko zerrenden inguruan. Izan ere, Zezen plazan, Goiko kalean, Erdi kalean eta Enparan kalean egindako etxebizitza tasatuetarako izena eman zutenei, deialdi berri honetan berriz ere izena eman behar dutela gogoratu nahi diete.

Aurreko etxebizitza tasatuentzako izena udaletxean eman behar zen; oraingoan, berriz, Etxebiden eman behar da. Izena emateko epea martxoaren 20an amaitzen da eta interesa duenak ezinbesteko hiru betebehar bete behar ditu: 9.000 eta 33.100 euro arteko sarrerak izatea urtean, etxebizitzarik ez izatea eta Azpeitian gutxienez 6 urtean erroldatua egotea. Zozketan bakarka izena emandakoek zenbaki bakarra izango dute, bikoteek bi zenbaki izango dituzte eta seme-alabadun bikoteek hiru zenbaki eskuratuko dituzte.