Bi herritar saritu dituzte Resurreccion Maria Azkue Literatur Sarietan

Uztarria.eus 2007ko mar. 12a, 19:03

Leire Arenasek 11 eta 14 urte bitarteko Olerki alorreko lehen saria eskuratu du

Lierni Varelak maila bereko Narrazio alorreko bigarren saria irabazi du

Gaur, martxoak 12, banatu dituzte Resurreccion Maria Azkue Literatur Sariak Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan. Idazle gazteak literatur mundura erakartzeko helburuarekin sortutako ekimenak bi herritarren literatur maila saritu du aurtengoan: Leire Arenas eta Lierni Varela azpeitiar ikasleena, hain zuzen.

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatutako sariok 11 eta 14 (A maila) urte bitarteko eta 15 eta 18 (B maila) urte arteko gazteen literatur lanak saritzen dituzte. Sariketak jorratzen dituen alorrak narrazioa eta olerkia dira.

A mailako Olerki alorreko lehen saria Leire Arenas Belamendiak (Ikasberri ikastola) eskuratu du, laguntzaile lanetan Luix Gurrutxaga irakaslea aritu delarik. Bestalde, maila bereko Narrazio alorreko bigarren saria Lierni Varela Egigurenek (Urola Ikastetxea BHI) irabazi du eta Mikel Sarasua irakaslea izan du bidelagun.

Guztira 279 lan aurkeztu dira aurtengo edizioan, partaidetza handiena B mailako Olerki alorrean izan delarik. Horrela, A mailako Narrazio alorrera 60 lan eta Olerki alorrera, aldiz, 39 aurkeztu dituzte; bestalde, B mailako Narrazio alorrean 86 lanek eta Olerki alorrean, berriz, 94k hartu dute parte.