BOZI ekimena berriro abian jarri dute

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 9a, 14:03
Adin guztietako lagunek parte hartu dezakete ikastaroan.

Iraurgi Lantzenek antolatu du Bizi Osoan Zeharreko Ikaskuntza proiektua

Azpeitia eta Azkoitian izango da eta hiru ikastaroz osatuta dago

(Urola Kostako Hitza)

Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza (BOZI) proiektuaren barruan, prestakuntza ekintza berriak antolatu dituzte Iraurgi Lantzen Urola Erdirako Garapen Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. 30 orduko ikastaroak Azkoitian eta Azpeitian izango dira, doan.

"Edozein adineko pertsonentzat, bizitza aurrera doan heinean gure gizartean moldatzen joateko gogoa eta aukerak izan nahi dituztenentzat, eta ikasteko inoiz ez dela berandu pentsatzen dutenentzat" zuzenduta daude ikastaroak, antolatzaileen esanetan. "Etengabe aldatzen ari den gizartean, etengabe ikasiz moldatu: hori da zure nahia eta hori gure eskaintza", gaineratu dute.

Hiru ikastaro

Pertsonen ezagutza, jarrera eta gaitasunen hobekuntzan laguntzeko asmoz, aukerako formakuntza eskaintza honek hiru ikastaro izango ditu.

Sarrerako ikastaroan Adimen emozionalari buruz ariko dira. Bizi Osoan Zeharreko Ikaskuntzari buruzko orientazioa ere jasoko da bertan. Ondoren, sakontzeko hiru prestakuntza egitasmo izango dira aukeran. Batetik, Komunikazio gaitasuna hobetuz izenekoa; Ordainduriko lana izatea: guztion eskubidea, bigarrena; eta azkenik, Parte-hartze egitasmoen kudeaketa deritzona.

Taldeek ikasle kopuru mugatua izango dute; beraz, taldekideak aukeratzeko irizpidea izen-emate ordenaren araberakoa izango da. Zaintza zerbitzua ere eskainiko da, famili ardurak bere gain dituzten pertsonei laguntzeko.

Izena emateko epea irekita dago, Iraurgi Lantzenek Azkoitian dituen bulegoetan, 943 851100 telefonora deituz, edota www.bozi-altv.net webgunea bisitatuz.