Garikoitz Etxeberriak helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean

Uztarria.eus 2007ko mar. 9a, 12:03

Auzitegi Gorenak Haika-Segi auziagatik sei urteko kartzela zigorra jarri zien urtarrilean 23 gazteri, "talde terroristako" kide izateagatik

Azpeitiarra otsailetik Galizian daukate preso, Bonxe espetxean; lehen lau urtean izan zuten kartzelan auzi beragatik

Garikoitz Etxeberria Kafe, Haika-Segi auziagatik kartzelan dagoen azpeitiarrak helegitea sartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, Auzitegi Gorenak hartutako erabakia dela-eta. Gorenak urtarrilaren 18an atera zuen epaiaren arabera, Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" dira eta 23 kideri seina urteko kartzela zigorra ezarri zien. Haien artean, Etxeberriari.

Azpeitiarrak ez ezik, auziko beste 21 kidek sartu dute helegitea Auzitegi Konstituzionalean, Espainiako Estatuan dagoen auzitegirik gorenean. Hiru ideia izan dituzte ardatz nagusi: batetik, telefono entzuketetan komunikazioen sekretu eskubidea urratu dela; bestetik, legalitate printzipioa urratu dela; eta, azkenik, gazteei errugabetasun presuntzioa urratu zaiela.

Etxeberria otsail hasieratik Galizian daukate preso, Bonxe espetxean, herritik 665 kilometrora. Auzi beragatik Espainiako Poliziak 2001eko martxoan atxilotu egin zuen, etxean, eta 2001eko martxotik 2005eko martxora arte Alcala-Mecon (Espainia) egon zen preso, Azpeititik 500 kilometrora.

Orduan egin zen auziko epaiketa eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zituen Jarrai, Haika eta Segi “talde terroristatzat” jo, “ez legezko” bezala baizik. Gorenak, baina, Fiskaltzaren eta AVTren helegiteak aztertu eta buelta eman zion epaiari aurten, urtarrilean.