Aitonenako Batzordea berritu ezinean

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 5a, 13:03
Joan den urtean Aitonenako batzordea osatu zuten kideak.

Hilabete honetan bilduko dira Udalarekin

Azken urteetan izandako joerari aterabidea aurkitzea nahi dute

(Urola Kostako Hitza)

Aitonena Jubilatuen Elkartean urtarrilean hasi zuten zuzendaritza aldatzeko prozedura. Sei lagunek osatzen dute zuzendaritza. Horietatik batek urtebete badarama ere, besteek bi edo hiru urte daramatzate karguan. Estatutuetan, ordea, bi urtera luza daitekeen urtebeteko jarduna arautzen da. Honela, zuzendaritzako kideak berritzeko egin zuten deialdiak ez du erantzunik jaso eta Udalarekin hil honetan bilera egitekoak dira, hark lagunduko dielakoan.

Azpeitiko Aitonena I-eko bulegoan aztertu dute gaia sei kideek. Astelehenetik ostiralera goizeko 10:30etatik 12:30etara han izaten baitira lanean. "Batzuetan lanaldia luzatu egiten zaigu edo lanak etxera eraman behar izaten ditugu" aitortu zuten, hala ere.

Urtebete edo bizpahiru urte hauetan "oso gustura etorri" direla adierazi dute, "baina betirako ez" dutela nahi garbi utziz. "Talde ederra osatu eta ongi moldatu" direla ere esan zuten, "orain hiru-lau kide berri etortzea komeni" dela azpimarratuz. Beraien ustez, "hiru bat urteko agintaldia izan behar luke, hortik behera gutxi da, eta estatutuak horretara egokitzea ere ongi legoke. Izan ere, lanean ari dena urtebetean ez da jabetzen egin beharrekoaz, bigarrenean ulertzen hasten da eta hirugarrenean alde egiten badu, atzera, berriz, lehengoan gaude. Hobera egiteko denbora behar da".

Jende gaztea behar da

"Konpromisorik ez du nahi inork, jendeak erretiratutakoan lan egiteko gogorik ez" daukala adierazi zuten. "Jende berriak ideia berriak eta lanerako gogo bizia" ekartzen duela adierazi zuten. Beraien iritziz, "zuzendaritzan jende gaztea behar da, 60 urte ingurukoa, erretiratu berria. Baina, erretiratuak epe bat nahi du atsedenerako, ez du loturarik nahi".

Erretiratu berriei batzordean sartzeko aipatu dietenetan "oraintxe libratuta horrelakorik ez" dutela nahi edo "ez dutela balio" erantzuten dute. Baina, argi utzi nahi izan dute "lan honetarako denek balio" dutela eta "beraiek jakinda ez zirela sartu.

"Aldatu berri dituzte Orio eta Zarauzko zuzendaritzak, hemen, ordea, aurrera biderik ez", esan dute. Azkoitian ere ezin berrituta ibili ziren Udalak esku hartu zuen arte; eta hemen bide berdina erabiliko dute martxa honetan. Azkenik, "antolatutako ekitaldietan beraien nekea igarri aurretik utzi nahi" dutela batzordea eta "kargua hartzeko prest daudenei gustura irakatsiko" dietela adierazi dute.