Soreasuko garajeen bigarren txandako zozketa martxan jartzea erabaki du udalbatzarrak

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 5a, 13:03

Alderdien artean eztabaida izan zen

Bigarren zozketarako baldintzak "malguagoak" direla iragarri dute Udaleko arduradunek

(Urola Kostako Hitza)

Soreasuko lur azpiko garajeen lehen zozketa egin zuten joan den hilean. Orain, berriz, garajeak erosteko "baldintzak malgutu" egin ditu Udalak eta, horien arabera, bigarren zozketa martxan jartzea erabaki zuen herenegun udalbatzarrak; EAJk, EAk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta Habeak kontra.

Bigarren txandako zozketan, alde zaharrean eraikitzen ari diren etxeen erosleek ere parte hartu dezakete, "nahiz eta oraindik alde zaharrean ez bizi, etxebizitzaren erosketa kontratua baldin badaukate".

Alderdien artean eztabaida izan zen. Habeakoen ustez, bigarren txandan, alokairuan daudenei aukerarik ez zaie ematen eta horrek aukera berdina izateko eskubidea urratzen du, "Udalak, etxejabeari lehentasuna ematen dio".

Julian Eizmendi alkatearen (EAJ) esanetan, bigarren txanda honetan ere garajeak "soberan" geldituko dira eta hirugarren txanda batean alokairuan daudenei aukera eman ahalko zaie: "Bigarren zozketa honetarako baldintzak batzordean eztabaidatu eta erabakitakoak dira".

Hirugarren txandarako zozketarako baldintzak oraindik erabakitzeko ditu Udalak. "Orduan, alokairuan daudenei garajeak alokairuan emateko aukera izango da", gaineratu zuen Manuel Unanue EAko zinegotziak.