Julian Eizmendi: “Ohitura berriak sustatzea du helburu bidegorriak”

Uztarria.eus 2007ko mar. 1a, 14:03
Atzo (otsailak 28) aurkeztu zuten udaletxean Bidegorriaren proiektua.

Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorria

Lanak hasita daude dagoeneko eta hiru hilabeteko iraupena aurreikusi dute

Azkoitia eta Azpeitia lotuko dituen bidegorria egiteko proiektua, aurkeztu zuten atzo, otsailak 28, udaletxean. Azpeitiko alkatea Julian Eizmendi, Azkoitiko alkatea Asier Aranbarri, Azpeitiko Ogasun Zinegotzi Manuel Unanue eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Aitor Aranguren izan ziren aurkezpenean. Bizikleta eta oinezkoentzako “baldintza egokiak” izango dituen bidegorriaren beharraz ohartarazi eta “autoaren alternatiba izango diren ohitura berriak sustatzea” ditu helburu proiektuak.

Azpeitiko eta Azkoitiko alkateek dute bi herrien barrualdetik joango den bidegorriaren ardura. Bi herriak elkartuko dituen bidegorriaz, berriz, Foru Aldundia arduratuko da. Aitor Arangurenek azaldu zuenez, “2003ko Bidegorrien Planean kokatzen da Urolako Bidegorria (Legazpi-Zumaia) eta horren barnean dago Azpeitia eta Azkoitia artekoa”. “Urretxu-Zumarraga eta Azkoitia arteko bidegorria bukatzear dago. 19 tunelen argiztapena egiteko proiektua idazten ari gara. Urtea bukatzerako amaituta izango da” erantsi zuen Arangurenek. Azkoitia-Azpeitia arteko bidegorria egiteko lanak hasita daude dagoeneko eta lanok hiruhilabete iraungo dutela aurreratu zuten. Bestalde, Lasao bitarteko bide zatia egiteko lehiaketa udarako aterata egongo dela jakinarazi zuen Aldundiko Ingurumen zuzendariak.

Herri barruetan egingo diren bidegorriez hitz egiteko Azkoitia eta Azpeitiko alkateek hartu zuten hitza. Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak azaldu zuenez, “ohituren aldaketa, autoen erabilera arrazionala eta kutsaduraren aurkako politika sustatzea” ditu helburu bidegorriaren proiektuak. “Exekutatzen ari da eskola gunea eta kiroldegia lotuko dituen bidegorri proiektua. Horri, Damaso eta Juan XXIII auzoetako bideak jarraituko dio eta hori bi bidetan banatuko da: bat Landetarantz eta, bestea, igerilekurantz”.

Azkoitiko alkate Asier Aranbarrik eskerrak eman zizkion Gipuzkoako Foru Aldundiari bizikletaz eta oinez ibiltzea bultzatzeagatik. Ildo horretan, proiektuak eskualdeari egingo dion ekarpena azpimarratu zuen.

Bestalde eta bidegorriaren erabilgarritasunari dagokionez, Arangurenek azaldu zuen “Azkoitia eta Azpeitia arteko 6 kilometroak egiteko zilegi dela bizikleta aukeratzea”. Gainera jakinarazi zuen bidegorriak lehengo trenbideen azpiegituretan egingo dituztela, eta beraz, aldaparik ez dutela izango.

Azkenik, Bidegorriaren Arau Foralaren berri eman zuen Aldundiko Ingurumen zuzendariak. “Arauak argituko du bidegorriak zer diren, zertarako erabiliko diren, eta nola seinalatuko dituzten, besteak beste”.