Inazio Arregiren beste erronka bat San Jose jaietan

Urola Kostako Hitza | Besterik
2007ko ots. 28a, 09:02

Oraingoan, besteenean oinarritu gabe, bere marka ezarri nahi du

Berak adina pisatzen duen burdin barra igo nahi du Xoxotera

(Urola Kostako Hitza)

Aurtengo sanjoseetan, ohiko herri kirolez gain, jendeak garai bateko apustuen gisako erronka batez gozatzeko aukera izango du. Eta horretaz antzeko erronkekin dagoeneko ezaguna egin den Inazio Arregi arduratuko da.

Erronka honakoa da: burdin barra Loiolako San Inazioren estatuatik Xoxoteko San Inazioren irudiraino ematea da. Xoxotera bederatzi kilometro daude Loiolatik, eta 900 bat metrotako desnibela; pistatik joatea dauka pentsatuta. Burdinazko barra, berriz, goiz horretan Arregik berak pisatzen duen pisura egokituko dute. Hau da, 78 kg inguruko pisua eta 2,40 zentimetro inguruko diametroa izango ditu.

Esan bezala, ez da Arregi erronka batean sartzen den lehenbiziko aldia. 2002ko abenduan Eibarko tren geltokitik Urko tontorrera 104 kiloko burdin xafla bizkarrean eramateagatik egin zen ezagun. Eta, herri mailan, orain dela hamalau bat urte Erniora butano bonbona eramaterren egin zen ezagun.

Bere markaren bila

Aurreko bi erronketan espero baino emaitza kaskarragoak lortu bazituen ere, erronkarako grina ez zaio itzali. Hori bai, "oraingoan besteek egindakoan oinarritu beharrean, bere marka ezartzea pentsatu du", erronkaren antolatzaile eta Arregiren lagun Koldo Aldalurrek dioenez. Horretarako, Herri Kirolen Federazioak neurtuko ditu denbora, distantzia eta pisua (erronkalariaren berdina), besteak beste. Era horretan, Inazio Arregiri berari gertatutakoa saihestu nahi dute. Alegia, herriaren memorian iraun arren, fidagarritasun handirik gabeko marken ondoan, ongi neurtu eta frogatutako markak ezarri nahi dituzte.

Aldalurrek adierazi duenez, "ilusio handia du marka hau egiteko; denek aintzat hartuko duten marka bat jarri nahi du, horrelako erronka bat egiteak eskatzen duen meritua erakusteko". 2002ko apustuaren ondoren, Arregik gehiago horrelakorik egingo ote zuen garbi ez bazeukan ere, Aldalurrek esan duenez "adinean aurrera doala eta, berriz egitekotan, garaia orain duela jabetu da".

Loiolako San Jose jaiak, beraz, ez dira aurten martxoaren 17ko eta 18ko asteburuarekin bukatuko. Martxoaren 24an erronka honetaz eta Elustondo anai-arrebek girotutako auzo afariaz gozatzeko aukera izango da.

2003an egin zuen Inazio Arregik marka saiakera eta Uztarriak egin zion elkarrizketa

Bidali:  

Erantzunak

Teknikoa | 2007-02-28 : 14:02

Uztarriari:
Akats bat dago,proba San Joanetan izango dela esaten bait da.San Josetan izango litzateke.
Besterik gabe.

Erabiltzailearen aurpegia da hau Uztarria | 2007-03-01 : 15:03

Kaixo.
Aurrekoari: zuzendu dugu uztarria.com-en. Eskerrik asko.
Uztarria

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu