Tratu txarren 23 salaketa jaso zituen Azpeitiko epaitegiak iaz

Uztarria.eus 2007ko ots. 27a, 13:02

Sei babes aginduren eskaera egin zituzten baina %26,1 baino ez zituzten onartu

EAEn egunero hamar emakumek salatu zituzten tratu txarrak joan den urtean

Emakumeen aurkako tratu txarren 23 salaketa jaso zituen Azpeitiko epaitegiak joan den urtean. Guztira, sei babes aginduren eskaera egin zituzten baina horietatik %26,1 baino ez zituzten onartu. Urola Kostako eskualdeko hainbat herriko prozesu judizialen eskumena du Azpeitiko epaitegiak; hala nola, Zarautz, Aia, Zumaia, Getaria, Azkoitia, Zestoa eta beste hainbat herrietakoa.

Erasotzailearen kontra salaketa jartzeak, ordea, prozedura juridikoari aurre egin beharra dakar berekin. Horri konponbidea emateko eta tratu txarak jasan dituztenek berehalako laguntza juridikoa eskuratu ahal izateko, ituna sinatu zuten 2003an Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eta Abokatuen Euskal Kontseiluak. Hitzarmen hura gaurkotu eta biktimei eskainitako zerbitzua hobetzeko akordio berria sinatu zuten atzo (astelehena), Bilbon (Berria).

Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen aurkako tratu txarren 3.915 salaketa egin ziren epaitegietan iaz. Egunero hamar emakumek salatu zituzten tratu txarrak. 1.655 izan ziren eskatutako babes aginduak eta eskaera horien hamarretik lau izan ziren onartuak.