Badator Korrika

Uztarria eta Urola Kostako Hitza | Euskara
2007ko ots. 24a, 17:02

Korrika eta Korrika Kulturala aurkeztu dituzte gaur Azpeitian, eta emakume ugari bildu da, aurten omenduak beraiek direla-eta

Euskararen aldeko lasterketa martxoaren 25ean iritsiko da herrira, goizeko 4:00ak inguruan

Korrika 15 aurkezteko gaur Azpeitian egin duten agerraldia.  Argazki originala

Korrika 15 eta Korrika Kulturaleko ekitaldiak aurkeztu dituzte gaur (zapatua) Azpeitian. Euskararen aldeko lasterketa Azpeitira martxoaren 25ean iritsiko da, goizeko 04:00ak inguruan. Aurreko egunean (zapatuan) txotxa egongo da, Azoka Plazan. Korrika Txikia ere egingo dute Azpeitian, ostiral arratsaldean, martxoaren 23an.

Jende asko elkartu da gaurko ekitaldian eta Korrikak duen garrantzia azpimarratu dute behin eta berriz AEK-ko kideek. Korrikan ateratzeko jendea beti prest egoten dela esan dute, baina Korrika Batzordean jende gutxi elkartzen dela. Hori dela-eta herritar guztiei deia egin diete asteartero AEK-n 21:30ean egiten dituzten bileretan parte hartzeko.

Aurtengo edizioak euskal emakumea omenduko du. "Garai ezberdinetan emakumeak izan dira euskara etxeetan gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi dutenak", esan du Maite Azpiazu AEK-ko kideak. Emakume asko bildu dira gaurko agerraldian.

Ondorioz, dei egiten diete bereziki Euskal Herriko emakume guztiei, "bakoitzak bere esparruan ete bere ahalmenen arabera Korrikarekin bat egin dezaten".

Laguntzeko moduak

Korrika 15 lagundu ahal izateko hainbat modu daudela azaldu dute AEK-ko kideek.

Korrika Laguntzailea. Inprimaki bat bete eta 12 euroren truke laguntzaile txartela jasoko da. Horrekin, hainbat dendetan beherapenak izango dituzte.

Korrika Lagun. Dendei zuzenduta dago.

Lasterketako kilometroa. Talde eta eragileek Korrikako kilometroak erosteko aukera dute.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu