Azpeitiak hazkunde begetatibo positiboa izan du

Uztarria.eus 2007ko ots. 21a, 14:02

Jaiotzak gehiago izan dira heriotzak baino

Euskal hiztun gehien duen herrietakoa da Azpeitia: %85

Estatistikaren Euskal Institutuak (Eustat) zabaldu berri dituen datuen arabera, 2004an Azpeitiak hazkunde begetatibo positiboa izan zuen; hau da, urte horretan jaiotzak gehiago izan ziren heriotzak baino. Hain justu, 96koa izan zen heriotzen kopurua eta 142 ume jaio ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuen artean, Gasteiz da hazkunde begetatibo positiboa izan duen bakarra.

Euskararen ezagutzari dagokionez, EAEn euskal hiztun gehien dituzten herriak Azpeitia, Markina eta Mutriku dira. Aipatutako udalerrietan %85 inguruk hitz egiten dute euskaraz.

Irakastereduari erreparatuta, D eredua da nagusi Azpeitian; alegia, euskarazko eredua. 2004-2005 urteen artean, 2.360 ikaslek ikasi zuten D ereduan. 303k egin zuten B ereduan (euskaraz eta gazteleraz), eta inork ez zuen ikasi An (gazteleraz soilik). Ez da hori hiriburuen kasua. Bilbon, esaterako, A ereduak hartzen ditu ikasle gehien (26.309 ikasle), D ereduak gutxiago (13.648 ikasle). Donostian, ordea, gehiengoak D eredua hautatu zuen (13.910).

Biztanle-dentsitateari dagokionez, EAEn Portugalete da nagusi, kilometro kuadroko 16.000 biztanle inguru dituela. Sestao da hurrengoa (8.671 biztanle kilometro kuadroko). Azpeitiaren portzentaiak baxuagoak dira: 197 biztanle.

Diru sarrera handienak dituzten pertsonak Laukizen (23.363 euro), Sukarrietan (18.895) eta Gatzagan (18.094) bizi dira, hurrenez hurren. Azpeitiko batez besteko errenta pertsonala 13.262koa da. EAEko hiriburuen artean, Donostiak du batez besteko errentarik handiena.

Ikusi datu gehiago Eustat en