Tasatutako etxebizitzentzat ordenantza egin du Udalak

Urola Kostako Hitza 2007ko ots. 23a, 10:02
Nuarben etxebizitza tasatuak egn nahi dituzten lekua.

Udalbatzarrak behin betiko onartu aurretik, hilabetez erakusgai edukiko dituzte

(Urola Kostako Hitza)

Babes ofizialeko 154 etxebizitza egin eta zozkatzeko prozesua martxan jarri du Udalak, hil honetan. Eta, aldi berean, tasatutako etxebizitzen inguruko ordenantza egin eta behin-behinekoz onartu dute udalbatzarrean. EAJk, PSE-EEk eta PPk baiezkoa eman zuten, EAk "baldintzapeko" baiezkoa, eta Habeak kontra bozkatu zuen. Udalak tasatutako etxebizitzak hainbat lekutan egiteko asmoa azaldu izan du, Kuartel zaharrean, Agirrenean eta Nuarben, besteak beste.

Tasatutako etxebizitzen ordenantzak, babes ofizialekoenak eta libreen "tartekoak" arautzeko balioko du. "Babes ofizialekoak 120.000-132.000 euro artekoak dira, libreak 270.000-300.000 euro artekoak. Bitarte horretan daudenei etxebizitza izateko aukera emateko dira tasatuak, 198.000-204.000 euro artean kostako liratekeenak", azaldu zuen Julian Eizmendi alkateak (EAJ) hilaren 15ean egindako udalbatzar berezian. Eizmendik azaldu zuenez, laster tasatutako etxebizitzen "lehen promozioaren eskaintza" egin nahi dute. Ordenantza hilabetez jendaurrean edukiko dute erakusgai, eta ondoren behin betiko onartuko dute.

EAk bi kasutan gauzak zehaztea eskatu zuen udalbatzarrean, eta horiek kontuan hartuta, "baldintzapean" baiezkoa eman zion ordenantzari, "jabegoaren herentzia eta mugikortasun murriztua dutenen kasuena" zehaztea eskatu zuen EAko Manuel Unanuek. Alkateak behin betiko onartu aurretik, proposamenak eta alegazioak egiteko hilabeteko epea zegoela erantzun zien EAkoei. Bestetik, ordenantzen baitan kooperatiba eredua indartzea ere proposatu zuen Unanuek, "Azpeitian etxe asko eta asko modu horretan egindakoak dira, eta aurrerantzean modu horretan etxeak egin nahi dituztenek aholkularitza izan dezaten, eredu hori ordenantzetan azpimarratzea ondo legoke, interesgarria delako".

Habeak tasatutako etxebizitzen agintarauaren kontra bozkatu zuen, tasatutako etxebizitzak ez direlako lehentasuna.